Itxi

Faktoria magazina

ZIRIMOLA

"Emakumeok debekatuta izan dugu Saudi Arabian turismoa egitea"

Denbora gutxian izugarri aldatzen ari dela Saudi Arabia esan digu bertan bizi den Izaskun Kerejetak, 'Faktoria'n. Mikel de Diego eta Judith Blazquezek ere herrialdean bizitakoak kontatu dizkigute.

  • Saudi Arabia Faktoriako Zirimolan. Izaskun Kerejeta, Mikel de Diego eta Judith Blazquez

    Saudi Arabia Faktoriako Zirimolan. Izaskun Kerejeta, Mikel de Diego eta Judith Blazquez

    28:43 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mendebaldeko Asian kokatuta dagoen Saudi Arabiara joan da aste honetako Zirimola. 2002an joan zen Saudi Arabiara bizitzea Izaskun Kerejeta. Urtebete egin zuen bertan; eta Euskal Herrira bueltatu zen orduan, gerraren ondorioz. 2014an itzuli zen eta Riaden bizi da ordutik; King Saud University ospitalean egiten du lan, medikua da bera, ginekologoa. "Denbora gutxian izugarrizko aldaketak ematen ari dira. Turismoa erakarri nahi dute, eta ireki beharra daukate; bestela, ez dira bisitariak etorriko", azaldu du Kerejetak 'Faktoria' saioan.

Mikel de Diego eta Judith Blazquez irakasle joan ziren Saudi Arabiara eta urtebete eman zuten bertan. "Esperientzia gogorra izan zen, ez dakit itzuliko naizen", esan du Mikel de Diegok. "Etxetik lanera eta lanetik etxera joaten ginen. Pare bat irteera egin genituen, besterik ez, emakumeok ezin baikenuen turismorik egin", Blazquezen arabera. Gastronomiarekin lotuta, alkohola guztiz debekatuta dagoela gogoratu digute, eta dastatu beharreko jakien artean, gamelua eta arkumea aipatu dituzte.

Debekuak debeku, Saudi Arabian gauzak asko aldatu direla azpimarratu du Izaskun Kerejetak. Salman Bin Abdelaziz da erregea; Mohamed Bin Salman printzea eta erregearen oinordekoa, eta 2030era begirako plana ezarri dute: "2030 Ikuspegia" izenekoa. Izaskun Kerejetak aldaketak hauteman ditu, "Aurten hasi naiz bizi naizen herritik bidaiatzen, eta oso ederra da. Ez omen da derrigorrezkoa erabat estalita joatea, eta lehen zineak zabaldu dituzte jada. Musika ere entzun dezakegu, nire inguruan inork entzuten ez duen arren".