Faktoria
Eskola itzulera
"Baliabide hauekin, zabaldu ahala itxiko dituzte eskolak"
Nagore Iturriotz, STEE-EILAS sindikatuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria, eta Iñigo Orella, LAB sindikatuak Nafarroan duen ordezkaria, Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan izan dira.
-
Eskola itzulera, Hego Euskal Herrian
23:53 min
"Inbertsioak behar dira, irakasle gehiago beharko dira, irailean aurrez-aurreko eskoletara itzuli nahi bada". Hego Euskal Herriko hezkuntza komunitateko sindikatu guztiek bat egiten dute aldarrikapen nagusian eta hala adierazi diete publikoki, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernuari.
Carlos Gimeno, Nafarroako hezkuntza kontseilariak, eskoletako eragileekin bilerak hasi ditu. Zuzendari elkarte eta gurasoekin batzarrak egin ditu, eta gaur sindikatuak hartuko ditu. LABek du gehiengoa Nafarroako hezkuntzan eta Iñigo Orella LAB sindikatuko Nafarroako ordezkariak 'Faktoria'n salatu du "berandu dabilela Chiviteren gobernua"'. "Egoera larria da, sekula ikusi ez duguna eta udaran gobernuak ez du denbora hartu itzulerarako protokoloa prestatzeko". Astebururako iragarri du Gimeno kontseilariak neurri sorta baina, gehiengoa duen LABek jarri du marra gorria: "irakasle gehiago biharko dira, gelako ikasle kopuruaren ratioa ezinbestean jetsi behar delako". Nafarroan sindikatu guztiak bat eginda daude, lehendabiziko aldiz, irakasle kopurua handitzeko eskatzerakoan baina, ez dute kopururik zehaztu.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, irakaskuntzako STEE-EILAS sindikatuak eman du datua: "jarri dituzten osasun baldintzak betetzeko, gutxienez, 6000 irakasle gehiago beharko lirateke eskola publikoan". Halakorik lortzen ez bada, STEE-EILASeko Nagore Iturriotzek dio "zabaldu ahala, ikasgelak itxi beharko dituztela".