Faktoria
Hasier Arraiz
'Euliak eta arranoak'
Arrano izatea amets zuen euliaren ipuina izan du abiapuntu Hasier Arraizek bere 'Sinadura'n, errefuxiatuez eta Madrilen pobrezia pilatzen den auzoetan ezarritako itxialdiaz hitz egiteko.
-
Hasier Arraiz
2:48 min
Hasier Arraizen 'Sinadura', "Faktoria'n.
"Augusto Monterrosok idatzi zuen ipuin batean arrano izatea zuen amets euli bati buruz. Sarritan amets egiten omen zuen arrano izatearekin, arranoaren hegal luze eta indartsuak nahi zituelako, arranoaren ikusmen zoragarria nahi zuelako, baita bere hatzapar gogor eta zorrotzak ere.
Halere, euliaren ametsa, amets gehienak bezala, nahia eta ezina, etsipen handia bilakatu zitzaion. Agian horregatik etsita eta amorratuta, euliak hegan egiten zuen, handik hona eta hemendik hara, ezin inon denbora luzez pausatu. Eta gauetan, burua burkoaren gainean jarritakoan, gure eulia berriro arranoa zen.
Pentsatzen dut guk ere askotan arrano izatearekin amets egiten dugula, gora baino gorago iristearekin egiten baitugu amets. Guk ere ikuspegi zabala nahi dugu, gure ikusmena eta batez ere gure adimena zabaldu ahal izateko. Guk ere bizkorrak eta zorrotzak izan nahi dugu, batez ere besteekin, gutxiagotan norberak bere buruarekiko.
Arranoa izatea dugu amets, baina euliak besterik ez gara. Gure ametsak maiz gure handikeriaren ispilu hutsa izaten dira, haiekin batera Moria-ko errefuxiatu gunea bezalako tokirik existitzea onartzen baldin badugu. Gu bezalako gizakiak giza eskubiderik gabeko egoeran bizi behar izatea gure bizimoduarekin bateragarria egin dugu. Onartzen dugu milaka eta milaka pertsona beste herrialde batean jaio izanarengatik gizakiak izango ez balira bezala bizirik irauten saiatzera kondenatuta egotea.
Eta ez da bakarrik Moria ala, beste maila batean, berriki Madrilen bakarrik pobrezia pilatzen den auzoetan itxialdia egitera behartu izana. Segregazionismoa, ordea, badago gure etxe azpiko plazan ere. Zeintzuk izan ziren, bestela, konfinamendua hasi eta berehala galdu genituen ikasleak? Nolako familiak dira ikastetxe publikoetako jantokiak ireki ez izanaren kaltetuenak? Pandemia aurretik egoerarik txarrenean bizi zirenak orain are okerrago daude eta haien bizi baldintzak gehiago makurtzen ari dira. Euskal hirietan ere guztiok gizakiak gara, baina gure aukeren arabera, batzuk beste batzuk baino gizakiagoak.
Pertsona horien egoera aldatzen ez den bitartean, arranoa izateak amets hutsa izaten jarraituko du. Egun osoan euli, hemendik hara eta handik hona, inon denbora luzez pausatu gabe, eta gauero, burua berriro burkoaren gainean jartzen dugunean, orduan bai, orduan guztiok berriro arrano?".