Faktoria
Amagoia Gurrutxaga
'Bankuak'
Amagoia Gurrutxaga
Baionan etxegabeen aurka onartu duten dekretua izan du hizpide Amagoia Gurrutxaga kazetariak.
-
Amagoia Gurrutxaga
3:07 min
Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura, "Faktoria'n.
"Jean-Rene Etxegarai euskal presoen oinarrizko eskubideen aldeko ekitaldietan parte hartzen ikusi nuenean, hunkitu egin nintzen. Onerako. Etxegabeen aurkako dekretua onartu zuenean ere, hunkitu egin nintzen. Txarrerako. Baionako kaleetako segurtasun ezaren eragile nagusiak etxegabeak omen dira, arrangura omen da nagusi, merkatarien eta hainbat herritarren artean. Kale gorrian bizi direnen arranguraz futitzen dira, jakina, ez dituzte herritar gisa hartzen ere. Ezta merkatarienak ez beste arazo batzuk dituztenak ere.
Gizarteko baztertuenekin egunerokoan topo egitea jasangaitza zaion gizarte batean bizi gara, horixe egia. Aporofobia ez da fenomeno berria, gero eta zabalduagoa dago, eta fobia horretatik abiatutako politika publikoak ez dira ez bakanak, ez berriak.
Hau ez dela Baionako kontua bakarrik, alegia; eta ezta ere politikariena soilik. Denok batez besteko jakin batetik gorako bizi maila bagenu bezala hitz egitera ohituak gara, auzo ditugun milaka eta milaka lagun existituko ez balira bezala bizitzera, edo, okerrena dena, bizi duten egoera merezia dutela barneratzera.
Banku izateari utzi eta aulki bilakatuak diren kaleko bankuei begiratu besterik ez daukagu, kalean etzanda eta egonean lasai inor ez dadin egon obsesio bihurtua dela ikusteko. Dirua daukanak bakarrik ahal du egon kalean, eremu publikoa pribatizatzearen pribatizatzeaz kale-terrazetako aulkietan bakarrik uzten zaigu egoten, edaten, ideiak etzaten. Noren arrangura lehenesten den, baina; noren beharra asetu nahi den, zertan ari garen, ostrukarenak egiten: benetan daukagun egoera ezkutatzen, burua egia-erdi gezurtien terraza-zuloan sartu eta errealitatea magiaz desagertuko dela sinetsita, nonbait. Bien bitartean, ostalarien aldeko gobernuz kanpoko erakunde bateko kide gisa funtzionatzen dugu. Mugarik Gabeko Ostalariak dei dakioke.
Kaleko bankuetako biztanleek baino askoz arrangura gehiago sortzen didate niri ate blindatuekin gordetako banketxeek, zer nahi duzue esatea. Eta errezeloa dut ez naizela bakarra. Kasualitatea zer den, milaka etxeren jabe dira bankuok. Horien jarduna mugatzeko dekreturik ez, baina. Inoiz ez. Ezta itxialdi arootan ere.
Rean-Rene Etxegarai bat dago gutako askoren barruan, eta justu kontrakoa sinetsita gaude".