Faktoria
Pilar Kaltzada
'Borondatea'
Pilar Kaltzada
Gaztelueta kasuaren epaia izan du ardatz Pilar Kaltzadak bere 'Sinadura' osatzeko.
-
Pilar Kaltzada
3:11 min
Pilar Kaltzadaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"15 urterekin, eskolara joan, irakasle batek behin eta berriro bortxatu izan banindu, litekeena da ez gogoratzea. Litekeena da zehatz-mehatz gela horretan zer gertatzen zen kontatu nahi ez izatea, edo ezin kontatzea. Baliteke nire buruari agindu argi bat ematea: utikan, ahaztu. Edo baliteke nire zerebroak agindu hori bere kabuz ematea: gorde ezazu hori zokorik ilunenean, non 15 urteko gaztea izatea eragotziko ez baitizun. Hipotesi bat da.
Beste hipotesi bat. Behin 18 urte bete eta gero, eta etxekoek emandako laguntzari esker neurri handian, agian, agian diot, epai-bidera joko nuen gertatutakoa salatzeko. Nahi izango nukeen justiziak eskola hark, komunitate hark, ukatu zidaten babesa eta sinesgarritasuna aitortzea, eta nahi izango nukeen nerabe bat bortxatzeko gauza den irakasle hark sekula ez izatea inolako aukerarik ni bezalako beste gazte bat gela ilunera eramatea.
Salatutakoa deskribatzeko eskatuz gero, agian ez nukeen zehatz-mehatz gogoratuko, eta ez bat-batean. Ez filma bateko gidoigile batek idatziko lukeen hurrenkera perfektu eta egitura biribil makulurik gabearekin. Jauzika emango nukeen, atzera eginez, elipsietan nire burua gordez, babestuz bezala, modu desordenatu batez.
Behin apurtu eta gero, oroimenak bere lana egiten du, eta ez da beti artisau-lan perfektua, are gutxiago nerabezaroan edo haurtzaroan, non erreferentziak falta diren, hitz egokirik ez den oraindik deskubritu barne-infernu hori izendatzeko. Nola eska dakioke barrutik apurtuta dagoen gazte bati bere zati guztiak itsasteko, berregiteko, eta modu aseptiko batez emateko?
Honezkero praktika juridikoaren esparruan ezagunak dira biolentziaren biktimek bere burua babesteko baliatzen dituzten estrategiak; ukazioa, auto-inkulpazioa… eta ezaguna da, halaber, nork bere burua biktimatzat onartzen duen unean hasi baino ez dela egiten berrosatze prozesua, epe tasaturik ez duena, gainera, nork bere bidea egitea beste erremediorik ez baitago.
Jarrai dezagun hipotesiekin. Agian, agian diot, behin salatutakoan epaile horiek frogatutzat eman zezaketen nik kontatutakoa, mediku eta forentsek egingo zuten bezala. Ez da askotan gertatzen, ez salaketa aurkezteko adorea bildu izana, ezta ondoren justiziak ontzat ematea biktimaren testigantza ere. Baina, onartu egidazue hipotesia: gerta daiteke.
Auzitegi Gorenak atzera bota du Bizkaiko Lurralde Entzutegiak ontzat emandakoa eta Gaztelueta Ikastetxeko José María Martínez Sanz irakaslearen alde egin du, ni izan zitekeen gazte hura modu sistematiko batez bortxatzeagatik hasieran ezarri zitzaion 11 urteko espetxe-zigorra beteko ez den bi urteko kondenara ekarriz. 15 urteko urruntze-agindua 4 urtera laburtu du. Zergatik? ez da froga berririk aurkeztu, kausa ez da zabaldu, baina Auzitegi Gorenak dio gaztearen testigantzak erretenak zituela, ez dela erabat trinkoa izan. Eta gaineratzen du: borondate-kontua dela biktima sinistea edo ez.
Inkriminazioa pitzadurarik gabe aldarrikatzea eta kontakizunaren egiantza osoa onartzea boluntarismo-ariketa bat da. Literala da.
Auzipetuaren defentsa-eskubidea eta biktimaren sinesgarritasunaren artean hautua egin du Auzitegi Gorenak eta biktimaren alde egin du, adin-txikikoaren kaltetan. Borondate-kontua da. Nahi izan ala nahi ez izan".