Itxi

Faktoria

Mikel Irizar

'Hizkuntza eta ardura'

Euskaralditik abiatuta, Carme Junyent hizkuntza adituaren liburu berriak (“Katalanaren etorkizuna zure esku dago” ) sortu duen eztabaida izna du hizpide Mikel Irizarrek.

  • Mikel Irizar

    Mikel Irizar

    2:33 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mikel Irizarren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Euskaraldiaren azken txanpan sartu gara. Zientoka herritan sortu dira batzordeak, milaka arigune antolatu dira, eta orain izena emateko aldia ireki da banakoontzat. Pandemiak pandemia, bigarren edizio hau ere ariketa sozial erraldoia izango da, Euskal Herri osoan.

Testuinguru honetan dator Carme Junyent hizkuntza adituaren liburu berria: “Katalanaren etorkizuna zure esku dago”. Katalana arriskuan ikusten du, eta horri aurre egiteko giltzarria hiztunen portaeran jartzen du: jatorrizko katalanen atxikimendua, hizkuntza hautuari eustea egoera guztietan; katalan berrien konplizitatea, katalanera hurbiltzea eta ahal duten neurrian erabiltzea; eta guztien partetik, hizkuntza kontzientzia, ingurune eleaniztunean katalanari toki propioa emateko.

Liburuak eztabaida interesgarria piztu du han eta hemen. Izan ere, Carmek bigarren mailan jartzen du legearen eragina, eta hitzez hitz dio: “Legeak lege, guk daukagu ahalmena katalanez hitz egiteko ala ez. Independentziak ez ditu hizkuntza portaerak aldatzen” Gurean, ordea, balio handia ematen zaio hizkuntza politikari. Aginte publiko behartzailea aldarrikatzen da, hizkuntzaren ardura ez dadin gehiegi jarri banakoaren gain.

Ardura non kokatu, hori da gakoa. Bada uste duenik behin ardura botere politikoan delegatuta, hiztunaren kontzientzia ahuldu egiten dela, eta berak egin beharrekoa ere ez duela egiten. Badakit, ertz askoko eztabaida da, eta bi minutuko zutabe honetan mutur batzuk baino ez dira kabitzen.

Hala ere, Euskaraldiak berak ematen digu pista argi bat: kasu honetan ardura partekatua da, erakunde publikoak, sozialak, pribatuak eta banakoak daukate bakoitzak berea; lankidetzan sortu zen ekimena eta lankidetzan ari da garatzen. Arrakasta handiz, portzierto.

Hor ikusten dut nik bidea: gizartearen ekimena eta erakundeen ahalmena uztartuta, banakoen portaerak aldaraziko dituen herri dinamika sortzea".