Faktoria
Itxaro Borda
'Salbaitu al gara?'
Konfinamenduaren ondorena, natura eta hondamendiak izan ditu hizpide Itxaro Bordak gaurko 'Sinadura'n.
-
Itxaro Borda
2:55 min
Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Konfinamenduaren ondotik, udaberriko bildots eroak beren koraletatik nola, hala atera gara gure etxeetatik. Oroitzen? Kanta, jauzi eta punpaz aitzinatzen ginen karriketan, maskararik gabe orduan, ez baitzen gaur bezain beharrezkoa, omen. Gobernariek ez gaituzte aise soportatzen, haurkerietan eta axolagabe gabiltzala deritzotelarik. Biderkatu dira, gazteak, eta ez hain gazteak, salbaitu direla salatzeko diskurtsoak. Muturretakoekin eta sukalde tepuetan entzerratuak nahiago gaituzte, irudiz.
Badirudi halaber, gure inguruan natura bera ere salbaitzen ari dela, teknokraziak, trinko eta tinko atxikitzen duelakoaz aspertua bailitzan. Hara, suteak Chibertako oihanean, Kaliforniakoak ez aipatzeko, hara zabortegien luiziak, hara tsunamiak, hara pandemia misteriotsuak, hara azkenik, eurite larrien ondorio latzak, Italia eta Frantziako mugetan. Aski luke orain, Islandiako Hekla sumendiak iratzartzea eta gure egoera izugarria liteke, bete-betean.
Descartes filosofoak, kartesiarretan lehena bistan dena, Metodoaren Diskurtsoan, naturaz bietan jabetu gintezen aholkatzen zigun, duela kasik lau ehun urte. Horretan gaude: natura zoko batera bulkatu dugu, algoritmoekin kudeatzen ditugu gure zereginak, teknologiaren baliabide magikoekin uxatzen, gure neandertal kutsuko beldurrak. Harritzen gara, gero, gure etxeak uholdeak eramaten dituelarik, pantailetan agertzen garela, galdezka: baina zer egiten du gobernuak?
Ezinegona nabari da gure baitan. Badakigu ez garela betikoak eta ez direla betikoak gure ongizatea bermatzen duten elementuak. Nahi genuke, mundu mugatu batean, eternitatearen mugagabetasunean bizi eta iraun. Argi daukagu, gure urrats txikiak oro, naturak hats bakar batez suntsitzen ahal dituela. Ezinegon horrengatik al gara salbaitzeko bidean sartuak? Etxea erortzen doa: nola atxikiko gaituzte zerratuak, etorkizun hurbil horretan?
Eta zuk, entzule, sentitzen duzu salbaitasunaren deia?"