Itxi

Faktoria

Hasier Arraiz

'Aberriaren lokatzetan'

'Patria' telesaila hartu du hizpide Hasier Arraizek bere 'Sinadura' osatzeko.

  • Hasier Arraiz

    Hasier Arraiz

    3:04 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hasier Arraizaen 'Sinadura, "Faktoria"n.

"Azkenean, “Patria” telesaila estreinatu zuten eta COVID-19rekin bezala, gaitz berberaren bigarren olatua gertatu da. Estreinaldiaren urak bareago daudenean aberriaren lokatzotan sartzea erabaki dut, zaila bada ere, lokatzen gainean zerbait eraikitzeko asmoz.

Azken urteotan gizarte honek aurrera egin du elkarbizitzan. Halere, ez dut ukatuko oraindik iraganaldiari begiratzeak minik egiten diguna. Jakina, inork ez du mina sentitzea gustuko, baina, badakigu zergatik egiten digun mina: ez gaudelako guztiz konforme geure buruarekin, batzuetan egin genuenarengatik eta askotan egin edo esan ez genuenarengatik, baina nago egonezin hori badela egunerokoan beste bide batetik aurrera segitzeko akuilu.

 “Patria” telesailak, “Patria” eleberriak ala “Patria” propaganda kanpainak berriro “errelatoaren bataila” famatua berpiztea lortu du. Lehia zentzugabe horrek hildako batzuk beste hildako batzuen kontra erabiltzera garamatza, gure minak besteen mina desagerrarazi ala ezkutatuko balu bezala. ETA dagoeneko desagertu da eta bere indarkeriak  eta haren ondorio lazgarri guztiek ere gure oroimen historikoan segituko dute betiko, jakina, beste batzuk ere egindakoekin batera. Eta halere, ez da, nire iritziz, lubakien arteko dialektika indartzeko garaia, are gutxiago euskal herritar asko eta asko honezkero gure lehengo lubakietatik kanpo gaudenean.

Zilegia da ETA desagertu zenetik gizarte mailan gutxi aurreratu dugula pentsatzea. Baina ukaezina da aurrera egin izana. Zertan? Bada, besteen mina ulertu eta errespetatzeko bidean. Agian haien mina ez da geurea, baina ulertzen eta batez ere errespetatzen ikasi dugu. Halaber, ikasi dugu proiektu politikoen gainetik guztion topagune posible bakarra pertsona guztien giza eskubideak direla. Gure gizarteak indarkeria guztien balorazio kritikoa egiten du, akaso indarkerien zergatietan ez gaude ados, baina bere emaitzek irakatsi digute indarkeriak ez duela arazorik konpontzen laguntzen. Eta indarkeria oro deslegitimatzeko bide luzean, bide berriak ireki behar direla ikasi dugu, esaterako, desberdinen arteko elkarrizketa eta arazo politikoak konpontzeko bide demokratikoak eskaini behar direla. Nire uste apalean, aurreratutakoa ez da horren eskasa.

Eta bide malkartsu eta zail hau egiten segitzeko, hainbat eta hainbaten biktimaren jarrera eredugarria izan da. Haiek ez diote gorrotoari beren etorkizuna erabakitzen utzi eta haien eskuzabaltasunak gaur ere argitzen du guztiok egin beharreko bidea".

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz