Faktoria
Amagoia Gurrutxaga
'Neutralak'
Amagoia Gurrutxaga Uranga
Euskarazko kulturaren egoera larria izan du hizpide Amagoia Gurrutxagak bere 'Sinadura'n.
-
Amagoia Gurrutxaga
3:32 min
Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
“Pertsona ahulak bezala, euskal kultur sistema katarro batek eraman ahal du”. 2018ko maiatzaren 22an esan zuen Josu Amezagak, datuak eskuan, Andoainen, Martin Ugalde Kultur Foroak antolatutako ‘Zenbat gara? Nondik jo?’ jardunaldietan, eta barrena inarrosi zidan. Makina bat aldiz akordatu naiz esaldi hartaz ordutik, eta ez naiz bakarra; sare sozialetan azkenaldian zenbatek gogoratu duten ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko.
Euskarazko kultur sistemaren ardatzetako bat den Durangoko Liburu eta Disko Azoka aurten on-line denda bat izango dela jakin ostean, editorialetako eta diskoetxeetako jendea katarroa baino larriagoa den zerbaitetaz mintzatu da, dirutan bakarrik zenbatuko ez den galera batez, euskal kulturaren aldeko apustua egingo duen itun baten beharraz.
Itun horretan eragile ikusten dut neure burua ere, euskaldun eta euskarazko egunkari bakarreko langile gisa. Beste esaldi batekin azalduko dizut zergatia: “Hizkuntzak badu beste funtzio bat pelikulan: etxea da Norarentzat”. Lara Izagirre zinemagileari irakurri nion, Donostiako Zinemaldia hasi berritan, ‘Nora’ izeneko bere filmari buruz. Arreta deitu zidan. Neure bizitzaren pelikulan ere, euskara etxe dudalako. Ez dut jabetza pribatu gisa bizi, jakina, bizitzarako baliabide eta adierazpide gisa baizik. Habitatzen ditudan espazioak eta sentimenduak esplikatzeko nire egitura da. Eta zenbaitetan, horixe egia, etxegabetua sentitzen naiz euskararen biztanle gisa. Adibide xinple-xinple bat ematearren: joan den astean Iruñean egin diren literatur jardunaldi feminista batzuetan, zeintzuek paisaia orokor baten postala azaldu nahi omen zuten -jardunaldien izenak hala iradokitzen zuen-, espainolez idazten duten emakumeak bakarrik izan dira hizlari. Literatur paisaia orokorrean, katarroak zer diren, idazle eta editore euskaldunak behin eta berriro desagertzen direlako Euskal Herrian bertan. Durangoko Azokaren garrantziaz harritu egiten gara gero.
Beste adibide bat: asteotan gure zinema aretoetan ikusgai den Woody Allenen marketing artefaktoan, zeinak Donostia munduan ezagutaraziko omen duen, euskarazko hitz bakarra ere ez da ageri paisaian. Eta okerrena dena: inori ez dio arretarik deitu. Aspaldikoa da pelikula. Kultur eta bizitza eremu guztietan garatzen du trama, eta, aspaldi bezala, euskaldunok plazaren erdigunea habitatzen saiatzen garenero, ‘okupa’ izendatzen gaituzte, ez dagokigun etxe baten ebasle. Nahikoa omen daukagu jada, gehiago eskatzea nagusikeria ei da.
Laburbilduz, feminismoari ikasi diogun hitza erabiliz: erdara hizkuntza ‘neutroa’ da -euskara ez bezala-; erdarazko literatura, musika, zinema eta nahi duzun guztia ere bai; eta euskarari eusten diogun neurrian, gu ez gara ez normalak, ez neutralak. Tira... gu ez gara, eta kito.