Itxi

Faktoria

Amatiño

'Industria, alternatiba bakarra'

Trantsizio energetikoaz osatu du bere 'Sinadura' Amatiñok.

  • Amatiño

    Amatiño

    3:04 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amatiñoren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa txoriak eta loreak baino zerbait gehiago dira. Unibertsitate eta Lanbide Heziketa onik gabe ez dago berrikuntzarik. Berrikuntzarik gabe ez dago lehiakortasunik. Lehiakortasunik gabe ez dago eraldaketa industrialik. Eta eraldaketa industrialik gabe ez da zorioneko trantsizio energetikorik sekula izango.
 
Hitzetik hortzera aipatu izaten dugu, aurrez aurre ditugun erronka nagusiak digitalizazioa, deskarbonizazioa eta trantsizio energetikoa direla; baina ez dugu aitortu nahi izaten, hiru egitasmo horien atzekaldean industria baino ez dagoela. Beste modu batez esanda, aurrera egingo badugu, industria dela gure alternatiba bakarra.

Zergatik ote industria euskal posturarik seguruena? Ba tradizioz ondoen ezagutzen dugun jarduera izateaz gainera, bide batez bestelako sektore guztiak lanean jartzeko egokiena delako. Industria da, goi mailako hezkuntza, lanbide heziketa, ikerkuntza, teknologia eta zerbitzuak gehien suspertzen dituen motorra. Industriak eskaintzen dizkigu, beste ezein sektore ekonomikok baino gehiago, goi-mailako lanpostuak, gizarte-kohesioa eta nazioarteko presentzia.

Egia da, bai, industriaren helburua ez dela, zehazki, digitalizazioa, deskarbonizazioa edo nazioartekotasuna, lehiakortasuna baizik. Baina egia ere bada, euskal gizartearen ongizatea lortzeko eta belaunaldi berrien etorkizuna garatzeko lehiakortasuna dela ezin besteko gakoa.

Lehiakortasuna ez da asaba zaharren sutondoko ipuina. Gero eta mundu txikiago honetan, erronka da non kokatuko ote diren gizarte lehiakorrak. Esaterako, Indian ala Europan? Eta Europan bada, Alemanian ala Espainian? Eta Espainian bada, Andaluzian ala Euskal Herrian? Segurutik ezin izango dugu Alemaniaren maila lortu, baina zergatik izan behar dugu Polonia edo Txekia baino gutxiago? Gurea da hitza, gurea da ekintza.

Gaur egun gurean dauden industriarik eraginkorrenak ez dira beti hor egon. Iberdrola, Petronor edo Mondragon ni neuk ikusi ditut sortzen. Beasaingo CAFek eta euskal automozioak ehun urte baino ez dute, ozta-ozta. Denak ere, euskal ekimenaren, teknologiaren eta berrikuntza-nahiaren fruitu dira. Euskal kooperatiben mugimendua ezin da lanbide-heziketarik eta industriarik gabe ulertu.

Trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa txoriak eta loreak baino zerbait gehiago dira. Unibertsitate eta Lanbide Heziketa onik gabe ez dago berrikuntzarik. Berrikuntzarik gabe ez dago lehiakortasunik. Lehiakortasunik gabe ez dago eraldaketa industrialik. Eta eraldaketa industrialik gabe ez da zorioneko trantsizio energetikorik sekula izango".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz