Faktoria
Itxaro Borda
'Urtxo xuria errazu'
Ehiza hartu du hizpide Itxaro Borda idazleak bere 'Sinadura' osatzeko.
-
Itxaro Borda
3:11 min
Itxaor Bordaren 'Sinadura, "Faktoria"n.
"Adiskide ehiztariak baditut Zuberoan. Nihaur ez naiz batere zalea, baina urtzaka deitzen duten zereginaren inguruko eztabaida, zeremonia, jakintza eta egikerek biziki interesatzen naute. Egia da, ez naizela urtxoaren lekuan, bestelako ikus moldea nukeelako orduan, segur aski. Iragan astean, halatan, Maulen nintzen, lantzer eta solas hezeak hedatzen zirela, Zumiriki filmean ikusi bezalako sukalde zokoetan: urtzoik eztüzü, junik tützü oro, eztakizügü nuat, eztützü haboro hebentik igaraiten... Pena eta dolore. Ehiztarien negarrak.
Duela hogei bat urte, maiatzean saltzen ziren urtzakako postuak Arbailetan edo Larraine gainetan. Zuberoko Sindikatuaren diru iturri mamitsu hori mendratzen joan da eta naski hango kabana gehienak hutsik dira. Oxkaxe eta Garaibi aldeko sareek oraino urtxo gris zenbait harrapatzen dituzte, baina hor ere, urrezko garaiak bukatuak dira. Egungo urtxoek ez bide dute, kantuan bezala, “Espainiako mendiak oro elurrez beterik” begiz ikusteko gutiziarik.
Ene adiskidearen senarra eta bere betiko bi ehiztari lagunak beraz, Saliese aldeko lautadako posturen batean daude, urtxoen aiduru. Urtxoen migrazioa, dagoeneko, bertan gelditzen da, arto bihiak badituzte ausarki asetzeko, eta behiala Afrika iparraldean aurkitzen zuten berotasun gradua, hemen berean kausitzen dute: zergatik nekatu, diote hegaztiek, zergatik bizia arriskatu gailurrak zeharkatzean, ez gara hain gaizki, profita dezagula...
Berrietan, planetaren berotzearen ondorioak jarraitzen ditugu, Tuvalu uharteen desagertzea, Bengaleko deltaren urez gainditzea edo bankisaren urtzea, hartz zuriak desorientaturik utziz. Urtxoen ehiza postuak ehun bat kilometroz atzeratu dira eta gaurkoan, Landa hegoaldean dago muga. Ehiztariek ordea, egiten dutea klima aldaketaren eta beren egoeraren arteko lotura? Lotura egiten bagenu egoera aldatuko ote liteke?
Urtxoak bagina, behar bada, gure egia errango genuke."