Faktoria
Amagoia Gurrutxaga
'Ordu aldaketa'
Amagoia Gurrutxaga
Etxeratze agindua eta elkartzeko eskubidea murriztu izana hartu du abiatu du bere 'Sinadura' Amagoia Gurrutxagak.
-
Amagoia Gurrutxaga
3:03 min
Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"1981eko otsailaren 23an, umea egin berri, gaua negarrez eman zuen A-k hiriburuko ospitale publiko hartako logelan. Estatu kolpe militarraz mintzo zen irratia, eta Francoren aurka hainbeste ekin ostean beste diktadura batera munduratu ote zuen alaba, ez zuen beste konturik buruan.
A-ren malkoekin akordatu ginen atzo B eta biok, gauez etxeratzeko agindu eta elkartzeko eskubidea murriztu digutela jakin berritan. Dena ondo bidean, alarma egoera betean izango du bere lehen haurra B-k, eta malkorik gabe galdetu zidan nola dei ote dakiokeen oraingo gure mundu honi, zeinetan lanerako eta etorkizuneko langileen haztegietara joateko besterik ezin zaren mugitu.
D-k bere beldurretik esana zigun, bezperan: “Ba gaixotzen banaiz, ni ez eraman ospitalera. Nahiago dut etxean hil”. Gaitz larri batekin urteak daramatzan edadetu baten bizi-testamentua hortxe. Adinekoen deshumanizazio eta desgaitze prozesuaren aurrean ia inork ezer esan ez izanagatik suminduta bizi izan ditu D-k azken hilabeteok.
Anormalidade berriaren ordu aldaketak jakin uste nuen guztia atzenduta eta aro oso bat atzera eginda harrapatu nau, bai. Hori buruan nuela oheratu naiz bart, eta, ametsetan, pandemia lehertu aurreko azken irteera jendetsura bueltatu naiz: martxoaren 7ra, Iruñeko Baluartera. Han ginen berriz X eta biok, Oskar Alegriaren Zumiriki ederra lasai arraio ikusten. Halako batean, Harri Aroko arropak generamatzan soinean denok; baita Txibite lehendakariak ere, mamut larruzko trikornioa buruan, bat-batean oholtzara igo eta denok etxera joan behar dugula esan duenean. Esandakoa otzan eta ordena hautsi gabe betez Baluartetik irten garenean, etxeko egongelan agertu gara. Liburuak eta diskoak behar luketen apaletan, dekretuak besterik ez zegoen.
Eta esnatu naizenean, martxoko alarma garaiko gabezia-munstro guztiek hemen segitzen zuten; zenbait kasutan, gainera, areagotuta. Argi dago Espainiako Gobernuaren atzoko dekretua ez datorrela gabezia horiei erantzutera, beren menpeko erakundeetako buruen eskakizunei erantzutera baizik, Aitor Estebanek lehentxoan saio honetan baieztatu duen bezala. Dekretuak ez dio ezer, esaterako, aspaldi iradoki bai baina sekula gauzatu ez den aukera bati buruz: larrialdi sanitarioa eta soziala arintzeko baliagarri izan daitezkeen enpresa, eraikin eta bestelako azpiegitura pribatuak publiko bihurtzekoa. Erantzukizunak gure bizkarren gainean bakarrik segitzen duela, alegia, beti bezala. Eta ez gara harritu. Ez dakit zenbateraino larritu ote garen."