Itxi

Faktoria

Amatiño

'Gaseosa ez da toxikoa'

'Karbonoa ez da kutsakorra; industria ez da gehien isuritzen duena; petrolioa ez da etzidamu desagertuko; energia-mota guztiak beharko ditugu'. Honelaxe hasi du bere 'Sinadura' Amatiñok.

  • Amatiño

    Amatiño

    2:52 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amatiñoren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Denok dugu zertaz arduratu. Ez dago ez ikusi egiterik. Baina gogoan izan: karbonoa ez da kutsakorra; industria ez da gehien isuritzen duena; petrolioa ez da etzidamu desagertuko; energia-mota guztiak beharko ditugu; eta Europako jarduera ekonomikoa da etxeko lanak ondoen egiten diharduena.
 
Jakinekoa da ondoko urteetan energia-eredua aldatuko egingo dela, baina egiazko helburuez jabetzeko, ezinbestekoa da oraingo egoera zertan den zehaztea.

Hainbati entzunez gero, balirudike CO2 -karbono dioxidoa- dela liitekeen gasik kutsakorrena; industria, gure osasun-kalte guztien erruduna, eta urte gutxi barru petrolioa zeharo desagertuko dela.

Etorkizuna ganoraz urratuko badugu, ostera, lehenik aitortu beharko dugu gas karbonikoa ez dela kutsakorra. Toxikoa balitz ez litzaieke gaseosari eta umeen edari freskagarriei gehituko. Karbono dioxidoa guztiok botatzen dugu arnasterakoan eta gas karboniko hori ez balitz, landareak ihartu egingo lirateke. Baina egia den bezala, karbonoak ez diola osasunari kalte egiten, egia ere bada gehiegizko konzentrazioak negutegi-efektua eragiten duela eta, kaltetzen, planetaren osasun globala.

Hain zuzen, karbono-gasaren eragina globala da, ez lokala. Hau da, nahiz gas-isuriak Moskun edo Texasen izan, euren erasana berdina da Antartidan edo Amorotoko plazan. Eta ez ahaztu, Txinako produktuen fabrikazioak karbono dioxido gehiago eragiten duela, europarrenak baino.

Komeni da jakitea, munduko gas-isuri guztien ia erdia, Txinan eta Estatu Batuetan gertatzen dela. Ondoren, Indian eta Europan. Baina alde nabarmenaz, Estatu Batuetan eta Europan isuriak murrizten ari diren artean, Txinan eta Indian gehitzen jarraitzen dute.

Gainera, euskal hiritarroi dagokigu jakitea, Espainiako zein Frantziako isuriak, biztanleko, Europako batez bestekoaren azpitik daudela.

Azkenik, jakin beharrekoa ere, munduko gas-isuri guztien %42 argindarrak eragiten duela, %23 garraioak, %19 industriak eta %8 etxebizitzak. Eta hogei urte barru ere, funtsezko energiaren erdiak petrolioa izango du oinarri.

Denok dugu zertaz arduratu. Ez dago ez ikusi egiterik. Baina gogoan izan: karbonoa ez da kutsakorra; industria ez da gehien isuritzen duena; petrolioa ez da etzidamu desagertuko; energia-mota guztiak beharko ditugu; eta Europako jarduera ekonomikoa da etxeko lanak ondoen egiten diharduena".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz