Faktoria
Itxaro Borda
'Etxean etxeko'
Pandemia garaian, kontsumo ereduak izan ditu mintzagai Itxaro Borda idazleak bere 'Sinadura'n.
-
Itxaro Borda
3:04 min
Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Lehen konfinamenduaren garaian, laugarren egunean berean, Amazon gunean, Goliarda Sapienzaren Pozaren Artea izeneko zazpi ehun orrialdeko nobela manatu nuen, eta aste bete beranduago, Netflix plataformara konektatu nintzen, milaka herritarren antzera, La casa de papel ikaragarriaren azken sasoia ikusteko aitzakian. Iruditzen zitzaidan orduan, baliabide numeriko horiek gabe, mundu errealarekiko kontaktua erabat galduko nuela. Halatan, mexikar eta kolonbiar mafia odoltsuen irudiz horditu nintzen, disgustatzeraino.
Ez naiz biziki super eta hiper denda zalea, gutxi erosten duten kontsumitzaile eredukoa naizelako. Merkatuak itxi zizkiguten iragan martxoan. Baiona-Iparreko baratzezain batekin hitzartu eta barazkiak ekartzen zizkidan ostiral eguerdietan, eta gazta, Lekukoa webguneari esker lortzen nuen, Oragarreko nire ohiko ekoizlearen uztatik. Erran gabe doa, usantxa berrietara plegatu nintzela, eta denborarekin, atxiki ere nituela. Bizkitartean, pantailan, La Reina del Sur erraldoia, Kate del Castillok gorpuztua.
Aldi honetan, ematen du egoera ezberdina dela. Ez epidemiaren alorrean, bistan dena, hor egiazki larria delako, baina bai gobernuaren neurrien onarpenaren mailan: banatzaile-kate handien faboretan direla salatuz, denda-jabeak manifestatzera jaisten dira, jende arruntak halaber, utzi bizitzen lemarekin. Nik ere, etxean etxeko eta lekuan lekuko kontsumo eta ausagailuak bideratzea erabaki dut. San Izpirituko Chez Simone liburutegiko telefono zenbakia notatu dut, liburu faltan izanen naizenean, manatzeko eta handik pasatzean eskutik eskura hartzeko.
Eta, ororen gainetik, ez dut Netflixen harpidetza berraktibatuko. Horren ordez, ETB kateko Nahieran atala ustiatuko dut, euskal telesailgintzak, hondar berrogei urteotan, bilbatu dituen perlak berrikusteko. Dagoeneko, Alardea bukatu bezain laster, Eskama Kentzen kultuaren zazpi episodio begietsi ditut, Goenkale ere hor daukadala aiduru, oso-osorik. Zerbait behar da gero etxekotzea jasateko eta denek bizi behar dute. Segurtasunean eta osagarrian, ahalaz".