Itxi

Faktoria

Hasier Arraiz

'Real America'

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundek, eta batez ere, Alderdi Demokratak Joe Biden hautagai gisa aurkeztu izana eta aldaketa politikoak izan ditu hizpide Hasier Arraizek bere 'Sinadura'n.

  • Hasier Arraiz

    Hasier Arraiz

    3:02 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hasier Arraizen 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Hitz asko egin da Donald Trump honezkero ez den istripuari buruz. Trump ez da istripua, zeren eta denboran zehar dirauen fenomeno politikoa baita. Hitz gutxi, bere aldean, Bideni buruz. Zergatik Demokrata Alderdiak aulki bat aurkeztea erabaki zuen? Aulki bat aipatuta, 46 urtez lan instituzionalean jardun duen 78 urteko gizon zuri aberatsa esan nahi dut. Ba, Biden aurkeztea erabaki zutenek ez zutelako hauteskundeak irabaztea helburu, baizik eta Trumpek bere kasa galtzeko itxaropena.

Gauzak horrela, Demokrata Alderdiak ilusiorik ala botoa emateko grinik susper lezaketen hautagaiak alde batera utzi zituen, Trumpek bere kabuz metatutako aurkakotasuna irabazteko nahikoa izango zelakoan. Bidenek erakutsi du zaratarik ez egiten oso ona dela.

Noiz posible izango da Alexandria Ocasio-Cortez bezalakorik presidentegai aurkeztea? Edo beste modu batez esanda, noiz izango da AEBetako gizartea Ocasio-Cortez emakumezko gazte latindarra presidente izateko prest?

Alde galanta dago gure fantasien eta errealitate gordinaren artean. Arazoa sortzen baita gure narratibak sinesten ditugunean. Estatu Batuak ez dira guk nahiko genituzkeenak bezalakoak, baizik eta direnak, beren kontraesan eta konplexutasun guztiekin.

Aldaketa politikoak ez dira instituzioetan sortzen, ez han, AEBetan, ezta hemen ere. Aldaketa politikoak gizartearen beste esparru batzuetan sortzen dira: hezkuntzan, kulturan, hedabideetan… Handik instituzioetara jauzi egiten dute, aldeko beste baldintza batzuk ere biltzen direnean.

Narratiba eraldatzaileak eraikitzea aldaketa politikoak suspertzeko beste tresna bat da. Nolakoa gizartea nahi dugun marrazteak norabide horretan ibiltzen laguntzen digulako. Eduardo Galeanok berak aspaldian idatzi zuen utopia irudikatzeak gure urratsak harantz bideratzen laguntzen duela. Baina gure narratiba eraldatzaileak sinestea akats politiko ikaragarria da, errealitatea fikzioarekin nahastea bezalakoxea.

Azterketa politikoak asmatutako errealitateen gainetik egitea da errealitatea – egien bilduma askotariko eta nahasi hori – mespretxatzea. Gustuko ez ditugun errealitateak ere onartzen ikasi behar dugu, benetan eraldatu nahi baldin baditugu, errealitatea beti baita, azken batean, eraldaketarako bidaiaren abiapuntua.

Bestela, errealitateak asmatuz eta hauteskunde gauetan AEBetan Trumpek eta Euskal Herrian Navarra Sumak ala Urkulluk zergatik irabazten duten jakin gabe segituko dugu."

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz