Itxi

Faktoria

Mikel Irizar

'Subiranotasun gatazkak'

Mikel Irizar

Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans erakundeek Bilbon subiranotasun gatazkak bideratzeko jokamolde egokiak bilatzeko antolatutako jardunaldia izan du hizpide Mikel Irizarrek.

  • Mikel Irizar

    Mikel Irizar

    2:50 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mikel irizarren 'Sinadura', "Faktoria"n.

Joan den aste amaieran, hiru egunez izan da Euskal Herria nazioarteko mugimendu esanguratsu baten epizentroa. Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans erakundeek antolatuta, munduko aditu erreferentzialen jardunaldi trinkoa egin da Bilbon, subiranotasun gatazkak bideratzeko jokamolde egokien bila. Urte eta erdiko lanari esker, jardunaldiak emaitza bat utzi du; hain zuzen, oinarriak finkatu dira halako gatazkak konpontzeko praktika onen kodea garatzeko. Partaideen iritzian, egingarria da Europan halako kode bat indarrean jartzea, eta demokraziaren urrats handia litzateke argitasun marko bat eskaintzea Batasunaren baitako lurralde-gatazkei.

 

Orain artekoa nagusiki lan akademikoa izan da: aniztasuna eta irekitasuna baliatuz formulazio teoriko berritzaileak ondu dituzte, gatazka hauen definizioa ikuspegi zurrun hegemonikoetatik askatzeko; horrekin posible egiten baita interes ezberdinen arteko adostasuna. Eta arrazoi juridiko argiak eman dituzte europar erakundeak gatazka hauekiko pasibotasunetik mugiarazteko eta konponbideen sustatzaile bihurtzeko, herritarren eskubideak eta demokrazia oinarri hartuta.

 

Ekimenaren lehen geltokia izan da jardunaldia, arnas luzeko estrategia baten lehen emaitza. Behin lan akademikoa biribilduta hasiko da lan politikoa, hau da, atxikimenduak metatzea proposamenaren alde, europar erakundeetan bidea egin dezan. Aurreikusi daiteke hainbat estaturen aldetik oztopoak izango direla, baina gaia europar agendan dago bereziki Eskoziako egoeraren ondorioz: 2014ko erreferendumean independentziak bazuen arrisku bat, Eskozia Europar Batasunetik kanpo geratzekoa; baina orain independentzia da hain justu Eskoziak duen aukera bakarra Europan jarraitzeko. Eta, oro har, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duten komunitateak europazaleak dira. Horregatik oso intelijentea litzateke Europak kode bat finkatzea halako egoerei irtenbide demokratikoa eskaintzeko.

 

Zoriondu egin nahi ditut halako ekimen funtsezkoa sustatzen ari diren bi erakundeak, bai Institut d’Estudis Catalans eta bai Eusko Ikaskuntza. Biak ala biak dira herri estrategia lantzeko erakundeak, independenteak eta kolaboratiboak. Ezinbestekoa dugu izaera hori, abagunearen sasien gainetik jomuga bateratuaren iparra ez galtzeko".

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia