Faktoria
Amatiño
'Mirakuluz'
Itxaro Borda
Pandemia, mirakuluak eta fake berriak izan ditu hizpide Itxaro Bordak bere 'Sinadura'n.
-
Itxaro Borda
3:08 min
Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Jendea ez da aldatuko. Bera baino urrunagoko zerbaitetan sinetsi behar du. Erraten dute, jaidura hori, neandertalen ondoretza dela, ametsarekin eta hilak ohoratzearekin batera. Errealitatea gogortzen doanean, errealitate hori bihurtzen dugu, faltsutzen eta hala ez diren gauzetan jartzen dugu fedea gusturik hoberenean. Hala zen erdi aroko izurri beltz uhin ezberdinen garaietan, horrela da, gaur ere, fenomenoa sare sozialek eta informazio autobideek biderkatzen dutela birla lehergarri bat bihurtzeraino. Fake baten osatzeko lehen urratsa hauxe da, zurrumurrua, hots surik gabeko kerik ez dagoela pentsatzea.
Koronabirusaren pandemiak gure jendetasunaren oinarrizko zurkaitzak ikararazten dituela ezin uka. Gure arteko distantziak mantentzera behartuak gara, maskarak muturrean eramatera eta eskuak egunean bost aldiz garbitzera. Etxekotzeak ondorio psikosozialak dituela errepikatzen digute, herioaren beldurra distilatuz, infantilizatzen gaituztela. Hold Up izeneko dokumentalak preseski, frogatzen du, irudietan bermatuz, epidemia hau botere faktikoek jendeak menperatzeko eta manipulatzeko erabiltzen dutela. Txertoak, etorriko denean, 5G nano-txipak sartuko omen dizkigu zainetan, Bill Gates maltzurraren faboretan.
Eta hor gaude, mirakulu baten aiduru. Iragan martxoaz geroztik berri magiko franko ukan ditugu, Raoult medikuaren hidroxiklorinatik haste gaur egungo amerikar-alemaniar txertoaren eraginkortasunaren notiziaraino. Bien bitartean, jakintsu eta ikerlari asko, mintzatu da, Covid-19a ez dela hain larria, gripatxo baten mailako eritasun bat dela, adinekoak baizik ez dituela harrapatzen, ez dela ekonomia osasunaren aldarean sakrifikatu behar... ohitu gara diskurtso horietara, afera honen funtsezko ezaugarria delarik nehon ez dagoela segurtasun izpirik!
Mirakuluak eta amets magikoak premiazkoak dira irauteko. Pandemia garaietan hiritarrak beti aurkitu du aterabide bat, batzuek otoitza, besteek fake berri negazionisten hedatzea eta azkenek obra literarioak sortu dituzte, hala nola 1349an, Bokatxiok bere Decameron handia. Ororen buruan, lasaitu gaitezen, ez palpita, pasatuko da, nik ere, dagoeneko, ideia soil hori fetixizatua daukadala".