Itxi

Faktoria

Amagoia Gurrutxaga

'Esne ibaiak'

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Herniotik sortzen den ilargi-esne ibaitik hasi, Donostian agertutako zulotik jarraitu, eta Euskaraldiarekin amaitu du Amagoia Gurrutxaga kazetariak bere 'Sinadura'n.

  • Amagoia Gurrutxaga

    Amagoia Gurrutxaga

    3:08 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Hernio mendiko kareharritatik ilargi-esne ibai bat sortzen da, eta ibai horrek lurraren barrunbeak zeharkatzen ditu. Ez da magia, prozesu bitxi baten emaitza baizik; hala esan zuten adituek duela hamasei urte, fenomenoa aurkeztu zutenean. Munduan ez omen da halako besterik ezagutzen. Atzo zortzi gogoratu nuen, Mendebaldeko Saharan berriro gerra hotsak hasi zirela entzun orduko. Barnebiltzen dituen aberastasunetatik, okupazio esne ibai batek zeharkatuta bizi delako herrialde hori, eta egoera ezagutuko ez balu bezala jokatzen duelako munduak. Ez da magia, prozesu oso ageriko baten hamaikagarren emaitza baizik.

Beste esne ibai bat ere aurkeztu digute azken egunotan: ireki da bigarren zuloa Donostiako Zubieta kalean, metroaren obrengatik, eta hor hasi dira hutsunea kare-esne morteroarekin betetzen. To eta no kolpe poetikoa, diru publikoaren likidezia agertzeko. Lirikarako garai txarrak direla esango digute gero.

Ostegunean, berriz, Euskaraldia ate joka bazetorrenean, Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen euskal herritar guztiek euskara ikasteko daukaten-daukagun eskubidea bermatzeko lege proposamen bat, Jaurlaritzan agintean dauden bi alderdien -EAJren eta PSEren-, eta PP-Ciudadanosen eta Voxen bozekin. Badakizue: Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan. “Txapa esnearekin bete nahi dute euskalduntze-alfabetatzean daukagun zulo erraldoia”, esan nion neure buruari. Lelo bat proposatu zidan atzo M-k, egoera laburbiltzeko: Euskaraldiarekin bat, baina euskalduntzeak bost.

Eta ostiralean, txapa esnetan murgildu nintzen neu ere, euskara erdigunean eta denon eskura jartzea gizarte justuago bat lortzeko urratsa dela neure buruari gogoratuta. Erretsindu samar kateatu nuen nire aho bizia paparrean, horixe egia, eta ordutik ez dut superbotererik sentitu, Kike Amonarrizek iragarri bezala. Kapa hegalaria ondo lotu gabe harrapatu ninduen Jaurlaritzaren AGEnda Nagusi TVren aurkezpenak, gaztelania hutseko bere edukiekin, Euskaraldia hasi zen egun berean. Larunbatean, berriz, Xabier Amuriza erdaraz hitz egiten ikusi nuen ETB2n, ahobizi txapa soinean zuela, eta kriptonitazko gezi batek jotako Supergajoa sentitu nintzen. Eskerrak auzoari, gatz eske etorri baitzitzaidan ate joka, bere hastapen euskaraz eta barre algaraz, eta munduarekin adiskidetu nintzen atzera. Gauzarik oinarrizkoena gogorarazi zidan: superbotererik gabe ere, aldaketa esne ibaiak sor ditzakegu gure artean; eta geuk sortu ezean, jai daukagu".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia