Faktoria
Mikel Irizar
'Elefantearen burua'
Gipuzkoako Aldundiak Pello Jauregiri Abbadia saria emango diote bihar, eta, horren harira, euskararen arloan ikerketa soziolinguistikoa indartzeko aldarria egin du bere 'Sinadura'n.
-
Mikel Irizar
2:24 min
Mikel Irizarren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Bihar emango dio Gipuzkoako Aldundiak Abbadia saria Pello Jauregi ikerlariari. Urte luzeak daramatza Pellok hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketan, euskararen hedapenak dituen harresiak gainditzeko helburuarekin. Ikerketa horren emaitza zuzena da Euskaraldia, bigarren edizioa bukatzen ari den ariketa sozial erraldoia. Perspektiba apur bat hartuta, esan behar da ez dagoela munduan neurri bereko hizkuntza ariketa kolektiborik; zerbait handia egiten ari garela, alegia.
Aurtengo udan Pello Jauregik beste ekarpen ahaltsu bat aurkeztu du: euskara azkar ulertzeko atea irekitzen duen metodologia, oinarri zientifiko sendoarekin. Sinetsita nago Pello ikertzen ari den bide hauetatik hedapen azkarra izan dezakeela euskararen erabilerak.
Ikerketa esparrutik irten gabe, joan den astean EHUk eta Soziolinguistika Klusterrak Txillardegi-Hausnartu sariak banatu zituzten, kasu honetan ere euskara biziberritzea helburu duten ikerketa aplikatuak saritzeko. Ikerlari gazteak eta proposamen berritzaileak aurkeztu dira aurten ere.
Gai honetan, bada anekdota bat oso esanguratsua. Duela urte mordoska, Joshua Fishman nazioarteko adituak esan omen zion Mikel Zalbide lankideari: “Euskararen dinamika indartsua da; oso ekintzaileak zarete, eta elefante baten gorputz indartsua daukazue. Baina gutxi pentsatzen eta ikertzen duzue, zuen elefante horrek txori baten burutxoa dauka” Uste dut harrezkero ari garela gehiago pentsatzen eta ikertzen, baina are gehiago behar dugu aurrera begira. Ikerketaren garrantzia oso finkatuta dago industrian; baina soziologian ere ezinbestekoa da, komunitatearen garapena osoa eta orekatua izan dadin. Eta euskarak parte handia du garapen horretan: hizkuntza berdintasuna bultzatzen dugunean, eta hizkuntza aniztasuna zaintzen, finean bizikidetza hobetzen ari gara; eta horrekin, mundua eraldatzen. Beraz, indartu dezagun ikerketa soziolinguistikoa, euskararen elefanteak gorputzari dagokion neurriko burua izan dezan".