Faktoria
Mikel Irizar
'Euskal administrazio berria'
Mikel Irizar
EAEko administrazioaren hiru mailak (udalerria, lurraldea eta erkidegoa) elkarrekin ari dira gogoetan, etorkizuneko funtzio publikoaz, eta 'Sinadura'ra ekarri du hori Mikel Irizarrek.
-
Mikel Irizar
2:17 min
Mikel Irizarren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Aukera izan dut dokumentu baten zirriborroa irakurtzeko, euskal administrazioaren bilakaeraz. Jardun-esparru jakin batean, EAEko administrazioaren hiru mailak (udalerria, lurraldea eta erkidegoa) elkarrekin ari dira gogoetan, etorkizuneko funtzio publikoaz. Ahalegina txalotzekoa iruditzen zait, eta zirriborroan irakurri dudana ere bai.
Ipar Euskal Herrian oraintsu ari da administrazio autonomikoa antolatzen; baina Hego Euskal Herrian, 80ko hamarkadan abiatu zen. Egungo lanpostu publikoen erdia edo, hamarkada horretan sortutakoa da, eta horiek betetzen dituzten pertsonak jubilazioa hartzen hasiak dira. Hurrengo bost urteetan hegoaldeko funtzionarioen erdia inguru etxera joango da. Aukera ezin hobea da euskal administrazioa birpentsatzeko.
Egungo eredua, gutxi-asko, frantziar iraultzak ezarri zuen: prozedura administratibo oso zorrotza, herritarren eskubide berdintasuna bermatzeko. Egalité famatu hura, alegia. Kontua da zorroztasun bermatzaile hori, denboraren joanean burokrazia bihurtu dela, eta askotan prozeduraren totemak gaina hartu diola herritarrari, berdintasunari eta eskubideen bermeari. Eta hori, nire ustez, aldatu beharra dago. Besteak beste, teknologia laguntzera dator, ze lehen funtzionario bidez eta paperak pilatuz burutzen zen tramitea, gero eta gehiago, zuzenean eta digitalean egiten dugu. Gainera, gobernantza eredua ere aldatzen ari da, eta nagusituz doan lankidetza molde berriak eskatzen du burokrazia gutxiago eta deliberazio gehiago interes-talde ezberdinen artean, estrategiak adosteko eta horien inguruan inplikazioak metatzeko.
Testuinguru honek aukera ematen du gure funtzio publikoa birpentsatzeko; eta, nire ustez, ondo aztertu beharrean gaude zer eta nola egin behar duen administrazioak, lehenbizi; eta gero, zenbat jende behar den horretarako, eta nolako ezaugarriak eskatu behar zaizkien funtzionarioei molde berrian jarduteko. Ezin dugu jubilatzen den funtzionario bakoitza antzeko batekin ordezkatu, horrek eredu zaharra beste 30 urterako luzatuko lukeelako. Argitu eta adostu beharrean gaude zein den euskal administrazioaren eredu berria; beti ere, nik uste, herri estrategiaren eta komunitate garapenaren ikuspegitik.
Horretara dator hasieran aipatu dudan zirriborroa. Eta horregatik txalotzen ditut nik halako ekimenak".