Faktoria
Itxaro Borda
'Muga solas'
Mugak, mugen izaera eta mugak gainditzea izan ditu hizpide Itxaro Bordak guarko 'Sinadura'n.
-
Itxaro Borda
2:49 min
Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Betidanik entzun dut, mugak, norberak bere baitan daramatzala. Euskal Herri mailan, frankotan aipatzen da herrien arteko bereizgarri hori, figura anitz dituelako, muga mentaletatik hasi, herrien eta estatuen zedarrietaraino. Mugen ezabatzearen ideia Europar Elkarte Ekonomikoaren osaketak sustatu zuen, argumentu progresista baten gisa, jendeak globalizatzera erakartzeko gailu bat bezala. Egia erran, hirurogeiko hamarkadan, mugak, astunak eta zailak ziren pasatzeko, batez ere Espainiaren eta Frantziaren artekoak. Asko eta asko oroitzen dira gure kontrabandista edo gaueko langile ospetsuenek ederki ilustratzen zuten abentura indibidual horretaz.
Iparraldeaz eta hegoaldeaz mintzo gara azken hamarkada hauetan. Izendatze horrek, mugaren presentzia indartzen duela berretsiz, batzuek, euskal probintziak banaka zerrendatzen dituzte beren artikuluetan, izenen artean marratxoa erantsiz. Balio al du akitzeak? Herri honek noizbait estatu izan behar baldin badu, Lapurdi-Benafarroa-Zuberoa eskualdea Auñamendi lerroaren iparraldean egongo da beti, eta gainerakoak hegoaldean. Hegoaldean, Bilbotarrak iparraldean aurkituko dira eta Tuterarrak, hegoaldean. Espero dut etorkizunean, mugekiko ikusmoldeak leuntzea lortuko dugula.
Ez dut politikaren zepora erori nahi. Hemen, ordea, edozein komentariok, aburu politiko bihurtzeko destinoa dauka. Hondar hilabetean, mila baimen paper eskuan, halatan, bietan pasatu dut muga eta eginkizun horrek hazten zidan ikaraz mintzatu nintzen ene lagun hurbil batekin.
-Mugarik ez dagoela sentitzen dugun unean bertan, koronabirusarengatik, pizten zaigu muga horren kontzientzia larria...
-Zuk zeharkatzen duzuna ez da muga, erantzun zidan, frontera baizik, gure zapalkuntza milenarioaren ikurra, ez sartu Covida saltsa guztietan...
Otoi eta mesedezka hasi zitzaidan. Isildu nintzen, mugaren izaera ukatzen ez dutenetakoa naizelako. Mugak gainditzeko direla deritzot, eta hegoaldeak baduela iparraldearen premia, kulturalki dezentratzeko eta neurri batean, baketzeko. Anartean, entzule, Eguberri on ...".