Faktoria
Josu Erkoreka
"Salaketarik ez bada, ertzainek ezingo dute etxe barruetako bilkurarik atzeman"
Segurtasun sailburuak adierazi du, araua hautsi eta kaletik nabarmetzen ez diren festak ez badira, poliziak ezingo duela etxeetan sartu.
-
Josu Erkoreka
24:00 min
Eguberrietako neurriak zorroztearen helburu garbia jende pilaketak gutxitzea da, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako segurtasun sailburuak 'Faktoria'n adierazi duenez. Horregatik dira arauak zorrotzagoak Urte Zahar eta Errege egunean, Eguberrietan baino: jendeak ohitura gehiago duelako etxez kanpokoekin elkartu eta ospatzeko. Azaldu duenez, aurreko asteburuetan segurtasun neurririk gabeko festa ezkutukoak atzeman dituzte, Gabonetan hotel eta bungalowetan elkartzeko asmoak ere bai. Hori dela eta, iragarri du erne zainduko direla horrelakorik izan ez dadin. Onartu du, hala ere, etxe barruetan ezingo duela sartu Ertzaintzak, "salaketa bat tarteko ez badago" edo "arauak hausten ari direla kaletik nabarmena ez bada".
Ertzainen kamarak egoera zailtzen denean eta agenteek abisatuta aktibatuko dira
Segurtasunari buruzko beste gaietaz ere aritu da sailburua. Ertzainek kamarak soinean eramateko plan aintzindariaz galdetuta, azaldu du "gardentasun bermea" ekarriko duela polizientzat eta herritarrentzat. Dena den, zehaztu du ertzainek aktibatuko dituztela kamarak herritarrari abisua eman eta gero: "Euren arteko tirabira bat dagoenean, gardentasunak izugarrizko laguntza ematen du gero, jakiteko ezarritako mugak gainditu diren edo ez", esan du.
Zaldibar auziaz, azkenik, jakinarazi du bigarren esparruan ere Joaquin Beltranen gorpuzkiak aurkitu ez direnez, hirugarren esparruan hasiko dituztela aurki bilaketa lanak.