Itxi

Faktoria

Amagoia Gurrutxaga

'Gerra jokoak'

Assange Erresuma Batutik AEBra estraditatuko duten erabakiko du Londresko epaile batek gaur. Hori ardatz hartuta, Wikileaksek azaleratu zituen gerra jokoak izan ditu hizpide Amagoia Gurrutxagak.

  • Amagoia Gurrutxaga

    Amagoia Gurrutxaga

    3:29 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amagoia Gurruxtagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

“Utziguzu tiro egiten, mesedez, utziguzu tiro egiten!”. Zuri-beltzekoa ez balitz, aspaldiko bideo-joko bat ikusten ari zarela pentsatuko zenuke, eta ahotsetako batek jolasaren zirrarak mozkortuta dirudiela, adiskideari hiltzeko baimena erregutzen. Ikusten ari zarena ez da fikzioa, baina, Ameriketako Estatu Batuetako armadaren bi Apache helikopterotako soldaduek Bagdadeko kaleetan egindako sarraskia baizik.

Sarraski horretan bi tiroketa egin zituzten, eta Reuters agentziako bi kameralari eta beste hamar zibil hil. Horietako batzuk, lehen tiroaldian zauritutako bat jasotzera hurbildutako furgonetan zihoazenak. Akabatutako hamabi zibilak “matxino armatu” izendatu zituen bertsio ofizial eztabaidaezinak. Hortxe fikzio bakarra ikusten ari zaren gerra-bideo errealean. 2007ko uztailaren 12koa da, eta 2010ean zabaldu zuen Wikileaks-ek, Chelsea Manningen bitartez eskuratu ostean.

Ordutik, joan dira urte batzuk, eta etorri dira plataforma horren filtrazio gehiago. Washingtongo gobernuaren eta bere aliatu politiko zein ekonomikoen jarduna ipurdi-bistan utzi dutenak, gutxi ez. Afganistango eta Irakeko gerretako zenbakiez eta izugarrikeriez, bereziki. Egia esate aldera, inor gutxi harritu zuten dokumentuok, baina horixe zor zaio Wikileaks-i: jakinekoa zena baina beti ukatzen zutena agerian uztea, agiri sekretuen bitartez. Ondorioz, inor gutxi harritu du Ameriketako Estatu Batuen temak, plataforma horren sortzaile Julian Assangeren aurka. Zu ere ez.

Ordubete pasa barru jakingo da Assange Erresuma Batutik Estatu Batuetara estraditatuko duten ala ez. Londresko epaile batek erabakiko du, 1917ko lege baten arabera epai dezaten uztea ala ez; interes publikoko agiriak argitaratzea espioitza eta intrusio informatikoa izan ote daitekeen.

Ez dakizu zer ebatziko duen epaileak, baina badakizu Assangek eta Wikileaks-eko haren kideek markatu egin dutela benetako gerra jokoei buruz gutako askok daukagun irudia; irudi hori desagerrarazteko ahalegina ez zela Wikileaks-ekin hasi; eta ahalegin hori ez dela bukatuko, edozein denik ere gaurko epaia.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia