Faktoria
Amatiño
'Alzheimerraren barne-ikuspegia'
'El Padre' filmaren estreinaldiari lotuta, alzheimerrari buruzko gogoeta egin du Amatiñok gaurko 'Sinadura'n.
-
Amatiño
2:34 min
Amatiñoren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Egunotan zinemetan dago ikusgai El padre filma, alzheimerrar gaixotasuna gordin asko azaltzen duena, Anthony Hopkins aktore ezaguna tarteko. Ezin gero erraz ahaztu “El silencio de los corderos” pelikulako Hannibal Lecter psikopata. Oraingo film hau ikusteak ere merezi du; ez, behar bada, aurtengo Oscarretan aktorerik onenaren saria irabaz dezakeelako, Alzheimerraz ezusteko ikuspegia eskaintzen duelako baino.
Gero eta urte gehiago bizi garen neurrian, areago zabaltzen ari da Alzheimerra, eta ez dago urrutiegi joan beharrik eritasuna zertan den jakiteko eta bizkar gainera etor dakigukeen gaitzaz jabetzeko.
Behin adin batera helduz gero, denok ezagutzen dugu zuzenean, saiheska edo zeharbidez kasuren bat. Badakigu jendeak memoria galtzen duena, pixkanaka-pixkanaka, hainbat urteren buruan gaixoak etxekoak ez ezagutzen amaituko duena, eta nor denik edo inoiz izan denik ere ahaztuko duena. Ezagun ere ezagun dugu, honek guztiak ardura larriak eta zainketa-arazo nekagarriak sortzen dituela gaixoaren senitartean, eta eritasunaren ondorioak benetan latzak direla.
Filma, ordea, haratago doa. Gidoiak jakinekotzat jotzen ditu gaixoak inguruan eragin ditzakeen ohiko katramilak, eta gaixoaren barruan barneratzen da, gaitzak haren baitan sortzen duen tragediaren berri emanez. Hau da, gaixoaren zalantzak, noraezak, galbideak, egonezinak, ulertezinak eta asmatu ezinak; gaixoaren beldurrak, izuak, mamuak, asmakeriak eta amesgaizto mingarriak; erabateko oinaze eta sufrimendua, sekula gehiago irteerarik izango ez duen tunelpe ilun, beltz eta ankerrean barrena.
Gaiak erabateko gaurkotasuna du, gainera, eutanasiaren eskubidea nork, noiz eta nola, eztabaidan dagoen honetan. Zer zentzu ote duen, ez bere burua eta ez inguruko inor ez ezagutzeaz gainera, irteerarik gabeko sufrikarioan dirauen sasibizitza erdi begetatiboari eutsi nahi izateak. Eta, azken batean, Alzheimerrak jotako gaixoak zein unetan izan ote dezakeen, behingoz, “nireak egin du” esateko eskubidea".