Faktoria
Itxaro Borda
'Sare asozialak'
Itxaro borda
Donald Trumpi sare sozialetako kontuak itxi izana hartu du abiapuntu Itxaro Borda idazleak 'Sinadura'n.
-
Itxaro Borda
2:59 min
Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Aspaldian salatzen dira sare sozialen muturreko erabilpenen ondorioak. Are gehiago egun hauetan, Washingtongo Kapitolioko ataketik hona, Donald Trump presidenteari altxamendua akuilatzea leporatzen zaiolarik. Ez bat-ez bi, Twitter enpresak azkenean, mokoa itxi dio eta badu bizpahiru egun Trumpen txiorik gabe iratzartzen dela mundua. Laster, botere postutik botako dute eta historiaren zakar ontzietan mutxituko da lau urtez planeta aztoratu duen lehendakaria.
Badira han eta hemen, adibidez Bruno Lemaire ministroa Frantzian, Twitteren egitatea, hitz egiteko eskubidearen kontrako kolpe larria dela erraten dutenak. Free speach dretxoa bermatzen du ipar amerikar konstituzioaren lehen emendakinak, armen jabetza aldiz bigarrenak. Beste batzuen arabera, arriskua dago, ageriko plataformarako bidea debekatuz gero, demokraziaren aurka diren QAnon, Proud Boys, supremazista eta faxistak oro, sare beltzean eta FBI handiaren kontroletik kanpo inarrosiko direla.
Egoera berezia dela ezin uka. GAFAM izenarekin biltzen ditugun enpresa horiek jada estatuen parekotzat dauzkagu. Txiolari bati atea zerratzen diotenean, estatuak egin balu bezala, ihardukitzeko tentazioa dugu. Beti biktimen alde gaudelako, biktima hau Trump izanagatik. Lortu dute estatuen larruan sartzea, handik ekitea eta haiekin identifikatzea. Estatuak bere aldetik ez du deus egiten ahal, edo ez du deus egiten enpresa horien perimetroak mugatzeko. Eta egiten balute, ho bai free speach right delakoaren aurka egitea litekeela. Orduan, asaldatzeko motiboak lituzteke askok.
Twitteren, Trump bezero pribatua zen. Ez naiz beldur, Estatu Batuetako presidente ohi gisa, bere ikus moldea emateko bide anitz ukanen ditu. Gaurkoan, hor dago, kopeta apal, gaizkian aurkitu ume mukizu baten pare, hain maite dituen zaleek dark net horretan prestatzen dioten urtarrilaren 17ko Kapitolioko eraso berria noiz etorriko zain.
Ez dugu oraino dena ikusia".