Itxi

Faktoria

Amagoia Gurrutxaga

'Ur jauzia'

Elurra, migranteak, muga administratiboak eta ETBko albistegietan covid-19ari lurralde bakoitzari eskaintzen zaion denbora tartea izan ditu hizpide bere 'Sinadura'n Amagoia Gurrutxagak.

  • Amagoia Gurrutxaga

    Amagoia Gurrutxaga

    3:02 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Ur jauzi batera burua sartzen duzunean, uraren erorikoa besterik ez duzu entzuten. Ur hori elur bihurtzen denean, erorketak ez du hotsik egiten. Horrek ez du esan nahi ezer jauzi ez denik, jakina.

Elurrak kaka oro zuri dezake, hori ere egia da. Kaka, baina, kaka beti, eta elurra ura besterik ez da, finean. Bosnia eta Kroazia arteko mugan argi ari gara ikusten hori: zuri ageri da Europako zoru etikoa, beste behin ere, milaka errefuxiaturen oin hutsen pean. Asiatik etorriak omen dira gehienak. Afrikatik itsasoz heldu nahi dutenak ere, muga-mugako gune kakaztuetan pilatzen ditugu, hegoaldeko herrialdeei galga armatu lanetarako eskumena emanda.

Ez da Europaren kontua soilik. Iparramerikarako bidea hartu duten hegoaldeko 8.000 migrante bortxaz geldiarazi dituzte Guatemalan; Mexikon milaka soldadu dituzte zain. Atlantikoaz bestaldean ere, mugak harresi.

Migranteek beste ur jauzi klase batean dute sartua burua; guk geurean segitzen dugu. Eta geure honetan, ez da koronabirusarena beste zaratarik entzuten, igarobideetan eta nonahi ugaldu zaizkigun indar armatuei elurrari bezala begiratzen diegun bitartean, fenomeno meteorologiko bat bailiran.

Julen Gabiria idazleak hilaren 5etik 11ra bitartean egin zuen ariketa batek neurria eman dio zaparradari. Astebetean, gaueko Gaur Egun eta Teleberri guztiak aztertu zituen Gabiriak, eta Twitterren argitaratu behaketa horren emaitzak: covid-19aren informazioarekin, guztira, 2 ordu, 53 minutu eta 58 segundo bete zituen ETBk albistegiotan. Horietatik 2 ordu, 6 minutu eta 56 segundo, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako berri emateko izan ziren -hau da, Eusko Jaurlaritzaren aginte eremuari buruz-; Nafarroari, 3 minutu eta 48 segundo eskaini zizkion; eta Ipar Euskal Herriari, minutu bat eta 22 segundo. Kanpokoak nahikoa ez, eta gure ur jauzi partikular honen barruan ere badirelako muga administratiboak, jakina.

Aspaldi ikasi genuen errealitatea akotatzeko irizpide politikoek eta informatiboek besteekiko eta geurekiko mugak indar ditzaketela; muga horiek gainditzeko zubiak eraikitzeko tresna eraginkorrak izan daitezkeela ere bai. Ur jauziaren erdi-erdian gaudenean, batez ere.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia