Itxi

Faktoria

Pilar Kaltzada

'Me too'

Adingabeen kontrako sexu abusuak salatzeko kanpainak eta huaren eskubideak bermatzeko lege-babesa izan ditu hizpide Pilar Kaltzadak bere 'Sinadura'n.

  • Pilar Kaltzada

    Pilar Kaltzada

    2:35 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Pilar Kaltzadaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Tarana Burke aktibista afroamerikarrak 2006. urtean erabili zuen lehen aldiz #MeToo traola, emakume beltz anonimoek pairatzen zuten —pairatzen duten—abusuak salatzeko. Hala ere, traolak ez zuen mundu mailako interesa eskuratu ahalik eta Hollywoodeko aktore zuri ezagunek bere egin zuten arte. Orduan bai, orduan entzuten hasi zen, salaketa globala bihurtzeraino. Eta orduan bai, orduan, deklinatzen hasi ginen: niri ere gertatu zaizkit horrelakoak, nik ere sufritu ditut askotariko abusuak, nigan ere bizi da bortxazko harremanak normaltzearen harra.

Burkek berak kontatu du nolatan bururatu zitzaion “niri ere bai” bezain sinplea baina aldi berean askatzailea den #MeToo hori: gau baten, bere buruarekin haserre eta lotsaturik, isilik geratu zelako, ia mutu, testigantza lazgarria eskaini zion 13 urteko neska gazte baten aurrean. Ez zekien zer esan.

Orain, Frantziatik dator adin txikiko neska eta mutilek pairatzen dituzten abusuak salatzeko kanpaina, #Metooincest traolarekin. Milaka hari askatu ditu jadanik, orain arte eztarriak korapilo estua eginda lotuta eduki dituzten hari mingarriak. 100.000 testigantza inguru bildu dira jadanik. Gaur egun 45 urte dituen emakume honena bezalako hamaika:

“5 edo 6 urte nituen, jakin ere ez dakit zehatz. Nire osaba izan zen. Ez esan arazo ikusezina denik. Gu, bortxatu gaituzten haurrak, ez gara ikusezinak, zuen seme-alaba eta lagunak edo lankideak gara, baina zuek ez gaituzue ikusi nahi”.

Salaketa pauso bat da, baina ez da nahikoa. Barkamen-eskea ere ez. Legeak behar ditugu, eta lege-babes erabatekoa haurren eskubideak bermatzeko, kriminalak zigortzeko eta egiturazko biolentziaren prebenitzen ikasteko. Eta gaur behar dugu hori guztia, bihar beranduegi izango delako".

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia