Itxi

Faktoria

Itxaro Borda

'Putsch ametsak'

Pandemiak eragindako nekeak desobedientzia zibila eta indarkeria hauspotu ditzakeen ideiari heldu dio Itxaro Bordak bere 'Sinadura'n.

  • Itxaro Borda

    Itxaro Borda

    3:47 min
imagen player
imagen player
imagen player

Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Koronabirusaren ondorioz den ala Trumpen adibideak, munduan zeharreko gobernu demokratikoen kontra oldartzeko zorian direnen buru-zokoak nahasten dituen, ez dakit... dena den, Kapitolioko erasoa eredugarria izan zen: Trumpek bere jarraitzaileak atakera bultzatu zituen, ekintza, zehatz seinalatu gabe. Norberak berea ulertu eta abere larruz jantzirik, Nancy Pelosiren bulegoraino urratzeko kemena aurkitu zuten batzuek. Erasoa, erabaki indibidual metaketa bat izan zen, ez izen-deiturak dituen zuzendari batek gidatua.

Txaleko horien garaian, Italiara jo zuen Christophe Charençon orduko leader auto-proklamatuak, Macronen boterea errausteko altxamendua  antolatu asmoz. Soldaduak prest omen ziren muga pasatzeko eta Napoleon gaztea, bi mende lehenago nola, Paris setiatzera abiatzeko, atabal ozen eta bota soinu. Ez zen deus gertatu... Funtsean, ohitura bat da Frantzian, 1958ko maiatzaren 13ko Aljerreko estatu kolpe saioaren karietara, Charles de Gaulle jenerala itzuli baitzen aferetara, eta horrela sortu zen bosgarren errepublika: bortxaz eta bortxaren aurka.

Obsesio bat dela dirudi: hauteskundeekin lortzen ez dena, indarka lortuko dela sinesten duten jendetzak biderkatzen ari dira. Iragan asteburuan, erraterako, ez nintzen gutxi harritu Francis Lalanne kantariak, ator horien kide izanak, France-Soir egunkarian J’appelle deia zabaldu zuela irakurri nuenean. Testu luzean, abeslariak, frantses armadari galdatzen zion mugimenduan jartzea, Macron eta bere gobernua uzkailtzeko, pandemiaren mehatxuaz balia, Macronek tirania moduko zerbait inposatzen duelako aitzakia emanez. Emile Zolaren J’accuse ospetsuaren oihartzuna zekarren gutunean, presidentea, traizioagatik, zorrotz epaitzea ere proposatzen zuen.

Ukamen eta probokazio artean dabil beraz konplotisten frontea. Egoerarekiko onarpena, arazo publiko bihurtzen denean, medikuek zein politikariek eman ezin dituzten erantzun eta errudun finkoak ekartzen dizkigute zilarrezko plateretan: hain galduak al gara?"

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia