Faktoria
Amagoia Gurrutxaga Uranga
'Zine-foruma'
Amagoia Gurrutxaga Uranga
Baserritar bati gertatu zitzaion pasadizo batetik abiatuta, 'Narayamaren balada' eta 'Loganen ihesaldia' filmak etorri zaizkio gogora Amagoia Gurrutxagari bere 'Sinadura'n.
-
Amagoia Gurrutxaga
3:03 min
Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Baserritar bati pasatu zitzaiona: aita zaharra gaizkitu, eta Mixerikordiara eraman beharko zuela. Hala, hartu du seme horrek agurea bizkarrean, eta, erdibidean-edo, nekatuta, gelditu eta eseri da harri zapal batean, atseden hartzeko; eta esan dio aita zahar horrek orduan: “Harri zapal honetantxe gelditu gintuan hire aitona eta neu ere, deskantsu hartzen, hura Mixerikordiara eraman nuen egunean”. Hori entzutean, hartu du baserritar horrek aita zaharra bizkarrean eta heldu dio atzera etxerako bideari.
J-k kontatu dit pasadizoa. “Tristea” dela esan du. Narayamaren balada filma ekarri dit gogora. Shoei Imamuraren maisulan horren afixean, gizon bat ageri da -Tatsue, pelikulako protagonista nagusia-, bere ama zaharra bizkarrean hartuta eta Narayama mendi elurtua atzean. Orin izena du ama horrek, eta, 70 urte bete berritan sasoiko dagoen arren, bere buruari hortzak erauztea erabaki du, tradizioak dioelako hortzik gabeko zaharrak Narayama tontorrera eraman behar direla, bertan hil daitezen. Gero eta estuago bizi diren bere etxekoen ongizatea eta etorkizuna ziurtatu nahi ditu Orinek, zama izateari utzi, bere bizia emanez. Tatsuek, hala ere, ez du ama mendira igo nahi.
J-k ikusia du filma. “Izugarri ederra da”, bota du. Japonia eta Euskal Herria hain urrun eta hain gertu egoteaz mintzatu gara segidan; erabat unibertsalak diren kontakizunen erroaz; eta erruaz; eta gure gizarte honetaz, zeinak bere zaharrak bizkar gainean ere karriatu nahi ez eta Narayama ez bezalako eremu itxiak eraiki dituen, mixerikordia handirik erakutsi gabe, erabat ahalgabetutako adinduak bertan edukitzeko.
Etxeratzeko ordua duela esan du J-k, halako batean, eta hor joan da, bere 80taka urteekin eta burutazioekin. Nik pasieran segitu dut. Loganen ihesaldia-rekin akordatu naiz. 2274ko Estatu Batuetan dago kokatuta fikzio-zientziako lan hori, konputagailuek kontrolatutako kupula erraldoi baten babespean bizi den gizarte batean. 30 urte betetzean bere burua hiltzea, horixe gizarte horrek aisialdiz eta plazerez asetako bere kideei trukean eskatzen dien ordaina.
J-ri aipatu behar diot hurrengoan".