Itxi

Faktoria

Hasier Arraiz

‘Matrix’-en harrapatuta

Hasier Arraiz

'Matrix' filma gogora ekarri eta "bere munduan 'zoriontsu' bizi den gizaki otzana" izateaz aritu da Hasier Arraiz bere 'Sinadura'n.

  • Hasier Arraiz

    Hasier Arraiz

    2:36 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hasier Arraizen 'Sinadura', "Faktoria"n.

"XX. mendea oraindik sasoi onean zegoen eta gu oraindik gazteak ginen, baina honezkero irakurrita geneukan Aldous Huxley-ren Bai mundu berria eta urte batzuk geroago Wachowski ahizpek Matrix filmaren bitartez hautaketa are zehatzago irudikatu zuten, are errazago jarri ziguten: “pilula gorria, errealitatea benetan ezagutu eta arriskuak arrisku, eraldatzen saiatu, ala, pilula urdina, bere munduan “zoriontsu” bizi den gizaki otzana izan”.

Zin dagizuet, urteak joan dira begiak irekitzen ala ixten diren abiaduraz. Gaur bertan, begiak ireki eta etxeko sofaren gozo-epelean gaude. Tabernak itxita daude eta multikulturalismoa maite dugu eta, telefonoz eskatu eta beste herrialde bateko janaria afalorduan etxera ekarriko digute.

Erosoa da, ez dago inorekin hitz egin beharrik, telefonoan tekleatu eta kreditu txartelaren zenbakia idatziz ordaindu dugu. Mundu osoa eskura dugu gure telefonoan. Gu geu munduan gaude tramankulu txiki horri esker. Ez da zaila ulertzen zergatik batzuetan hainbeste kostatzen zaigun haren pantailaren gainetik gure arreta kentzea, nahiz eta lagunez inguratuta eta itxuraz haiekin hizketan egon.

Hainbeste pantailaren aurrean informazioak sarritan gainezka egiten digu eta ez dakigu horrenbeste mezuren artean aukeratzen. Ez dakigu zer den egia, egia-ostea ala gezurra abizenik gabe. Halere, ez gaitu gehiegi kezkatzen, telebista piztu eta gure parean badauzkagulako Netflix, HBO, Amazon Prime ala Filmin, alternatiboenek. Milaka plater desberdin; maiz, ordea, menu bakarraren susmoa.

Eta ez, ez dugu uste bereziki indibidualistak garenik, baina agian etxean hainbeste ordu isolatuta egoteagatik-edo, gero eta gehiago gure familia eta lagunak dira gure benetako gizarte bakarra eta, poliki-poliki, ia oharkabean, gero eta gehiago aldentzen ari gara gure inguruko gizarteen arazoetatik.

1999. urtea. Begiak itxi. 2021. urtea. Begiak ireki. Eskerrak pilula gorria hautatu genuen. Non geundeke orain, pilula urdina hautatuz gero?"

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz