Itxi

Faktoria

Itxaro Borda

'Baikor'

Itxaro Borda

Baikortasunaren izenean pertsonok "hautsa tapiza pean" gordetzeko joeraz gogoeta egin du Itxaro Borda idazleak.

  • Itxaro Borda

    Itxaro Borda

    3:15 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Zuberoa gaineko Niko Etxart lagunak, "Baikor" izeneko kantu bat badu. Hauteman orduko, buruetan, gorputz osoan, esku edo oin puntetan sentitzen dugu, pozez eta animoz betetzen gaituen halako mugitzeko gutizia salbai bat. Konfinamendu garai hauetako geldotasun behartuan, ongi liteke antologiako puska hau, belarrietara ekartzen bagenu, indarra, kemena eta kalipua zer diren berriz ikasteko. Niko Etxarten musika lagun, uste dut, hari zilar horri tiraka, espezie humanoa, zuzendu ezina den izate baikor bat baizik ez dela.

Bestela, zer egiten dugu, irria ezpainetan, munduaren amiltze urriaren  lekuko gaudela: Poloetako eta Alpeetako hormak urtzen, Pirinioetako elurrak desagertzen, uharteak eta itsas aho jendetsuak itotzen, herrialde pobreenak are gehiago pobretzen, pandemiak hedatzen eta buztinezko etorkizunak ezpalka erortzen ari direnean... hor gaude, lasaiki, Aturri hegian, euri pean ibilki, urak sekula ez bezala handitzen doazenean, deus gertatzen ez bailitzan, mundu honen erraustearen ardura ez dela gurea konbentzituak.

Ardura, hain zuzen, beti besteena da: kotxe erraldoiak gidatuz airea kutsatzen dutenena, baliabiderik gabe haurrak trumilka egiten dituztenena, molekula kimikoz hantu janari-eredua hobesten dutenena, lurra zitaltzen duten laborariena, besteak beste... zerrenda luza nezake, baina zertarako? Ezagutzen ditugu diskurtso horiek, mila aldiz adituak, zortzi hilabeteotan itxiak diren ostatu zokoetan. Mintzo gara mintzo, eta arte horretan, Axular zaharrak zioen moduan, gerotik gerora joaten zaigu denbora. Ondoko belaunaldiek beren gain hartuko dituzkete, guk gaur, neurri zorrotz eta mingarrien beldurrez trenkatzea lortzen ez ditugun auziak.

Inozentzia, desafioa eta apo-armatuaren egikera, dira, pertsona baikorraren ustezko itzalak. Etsitzen edo desesperatzen dutenak berdin ez direla deusetara heltzen, jendeak orokorki erabaki du positibo bizitzea, irautea, pataskatzea, balizko orainak eta biharrak ziurtatzeko. Arazoen hautsa tapiza pean gordetzen dugu eta bazterretara so urruntzen gara. Humanoaren funtsezko nortasuna da, ordu latza etorriko denean, etzi ere aski goiz izanen dela eta azken hilak dituela egiten ditugun zorrak ordainduko pentsatzea.

Bizkitartean, baikor..."

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia