Itxi

Faktoria

Amatiño

'Pilota, telebistaren menpe'

Telebistari esker, pilotak du etsirik hartzeko arrazoirik izan pandemia garaian. Nahiz, hori bai, telebistaren menpe geratu. Kirol profesional guztiak bezala. Horixe izan du hizpide "Amatiño"k.

  • Amatiño

    Amatiño

    2:48 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amatiñoren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Pilotazaleok zorioneko gaude. Azken astebeteotan, ostiraletik astelehenera bitartean, lau egunez jarraian, pilota-partidak ditugu-eta, zuzenean, Euskal Telebistan. Zortzi bikoteren arteko Txapelketa Nagusia eta, beste horrenbeste, Promozio mailan. Abenduan hasi eta maiatza arte. Kristoren plana.

Pandemia dela-eta, pilotalekuak zeharo hustu dira baina, aldi berean, inoiz baino ikusle gehiago telebista aurrean. Denok pozik: pilotariek jokatzen jarraitzen dute, pilotazaleok, partida guztiak etxetik ikusteko aukera; telebistak, audientzia gehitu; publizitateak, betiko funtzioa bete eta, enpresok, diru-sarrerei oratu. Telebista ari da pilota-jokoari eusten.

Gazte-jendeak ez dakien arren, ez da beti horrela izan. Euskal Telebista sortu arte Telebisio Espainolak ez zuen pilota-partidarik ematen, urtean behingo buruz buruko final nagusia-edo izan ezik. Eta, nahiz orain ezinezkoa iruditu, finala emateko ere, Telebisio Espainolak, ordaindu ez ezik, kobratu egiten zuen, pilota-jokoari, mesede, berak egiten ziolakoan.

Ez pentsa gero, hau guztia antzinako kontua denik. Pilota-enpresen eta Euskal Telebistaren arteko lehen hitzarmenak 35 urte baino ez ditu. 1985ean adostu zen, estreinako, astean behin pilota-partida bat eskaintzea, nahiz zenbaitek pentsatu telebistak pilotaren hondamendia erakarriko zuela. Aipatuko ez dugun norbaitek orduan esan zuenez: “Telebistak ez dio pilotari kalterik baino ekarriko. Telebistak pilota hil egingo du”.

Hogeita hamabost urte geroago, pilota-jokoak osasunez dirau, gehienbat telebistari esker. Hain zuzen, telebista barik pilotak nekez gaindituko zukeen pandemiaren zuloa.

Baina, galdera, zera da. Eta gero, zer? Pandemia ostean pilotazaleak itzuliko al dira berriro frontoietara? Ez al zaie sarrerak erosteko ohitura ahaztuko?

Galdera ez dagokio, ordea, pilotari soilik. Hau da, jendeak aurkituko al du, berriro ere, futbol-zelaietarako, kontzertuetarako, jaialdietarako edo pandemia aurreko hainbat ekitalditarako lehengo bidea?

Pandemiak zenbait ohitura aldatuko du, seguru asko. Baina, oraingoz, telebistari esker, pilotak ez du etsirik hartzeko arrazoirik. Nahiz, hori bai, telebistaren menpe geratu. Kirol profesional guztiak bezala, jakina".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia