Itxi

Faktoria

Itxaro Borda

'Wuhaneko misterioa'

Covid-19aren jatorriaz adituek atera duten txostena eta oraindik argitu gabe gelditu diren misterioak izan ditu hizpide Itxaro Bordak bere 'Sinadura'n.

  • Itxaro Borda

    Itxaro Borda

    3:11 min
imagen player
imagen player
imagen player

Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Ez dugu beste solasik. Ez nahi bezain bat, baina txertatze kanpainak aurrera doazela, hau guztia hasi zen lekura itzultzeko desioa daukagu. Ulertu, argitu, gertatzen dena galdekatu. Pentsamendu arrazionaleko pertsonak gara, hori ere batzuetan hain argi ez den arren. Azken hilabete hauetan, Munduko Osasun Erakundeko ikerlari talde bat ibili da Wuhanen, pandemiaren balizko iturburuak bilatzeko. Txostena publiko egin dute eta uste dut misterioa pottolotu baizik ez dutela!

Hipotesiak eskura ditugu, nobela beltzetan bezalako zenbat pista faltsurekin. Saguzarra eta pangolina dira lehen hobendun deituak. Aipatzen da, halaber, Wuhanen dauden europar eta amerikar laborategi farmazeutikoetatik eskapatu birusa bat izan litekeela. Trumpen eta konplotisten bertsioa. Teorian, askotan entzun eta irakurri dugu, abereak eta gizonak gero eta hurbilago egoteak biderkatzen ditu eritasun larrien transmisio moduak, gizaki falangatsuak duelarik aberearen iraun eremua fagozitatzen.

Egia da saguzarrak ospe txarra duela. Mundua mundu denetik, harpe zokoetan, buruz behera eta saldoan hegaldaka agertzen zaigu ugaztuna. Maia zaharrentzat, demagun, Kamazotz izenarekin, herioa barreiatzen zuen jende gabetuen erdian, ilunpeak, bizitzaren indarra zurrupatzen zuela. Ahur bakarrean kabituko litekeen mamuak, beldurra eta errespetua hazten zituen. Saguzarraren hipotesiak, halatan, izu arketipalak harrotu dizkigu, elkarri besarkadak eta musuak ukatzeraino.

Ikerlari taldeak, prentsaurrekoan, Txinatarren ohorea salbatu behar zuen. Koronabirus pandemiaren sorburuari buruzko emaitzak halako flou artistiko batean utzi zituen. Ez gara biziki aitzinatu. Jakiten da, bestalde, birusa, Europan zebilela 2019ko larrazkenaz geroztik. Ez dut kronologia berriz marraztuko, baina etsaia gugan zegoen aspalditik. Karia horretara, Bereterretxen kantoreko bertso bat errepika nezake: hila hain huillan üken eta deus ere ez zekiena..."

Gau-ainaren eta pangolinen errehabilitatzeko ordua dugu. Istorio honetan ez dago errudun finkorik. Misteriorik ere ez balitz? Birusa hor dago gure artean, iratzartzeko aukera egokiaren aiduru, birus honen inteligentzia azpimarratzekoa delako.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz