Itxi

Faktoria

Amagoia Gurrutxaga

'Estrabismoa'

Polizia indarkeria eta estrabismo soziala izan ditu hizpide Amagoia Gurrutxagak bere 'Sinadura'n.

  • Amagoia Gurrutxaga

    Amagoia Gurrutxaga

    3:01 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Dokumental biri begira eman nuen gaua larunbatean, gajoa ni. Eta uste baino interesgarriago egin zitzaizkidan, egia esan. 1968an munduko herrialde ugaritan izan ziren borroka eta protesta mugimenduak errepasatzen zituzten dokumentalok. Aktibista politiko eta sozialen jazarpena, herriena, manifestari eraitsiak, gerrak... biolentziaz beteriko zuri-beltzezko irudiak erakusten zituzten. Eta, batez ere, uniformeak; uniforme asko.

Bitxia da: larunbateko dokumentalen gidoigileen begirasuna gaur egungo albistegiei begiratzeko erabiliko bagenu, esango genuke oraingo uniformedun askok ere ez diotela utzi indarkeriaren monopolioa irizpide onartezinen arabera erabiltzeari; jendearen oinarri-oinarrizko eskubideekiko begirunerik ez daukatela; su piztaile bihurtuak direla. Laburbilduz: arazo potolo bat duela gizarte osoak. Bekatu mortala da hori esatea, baina; eta arazo are potoloagoa da hori. Intxaurrondon tortura sistematikoki erabili zela esateak berak ere beldurra emateraino.

Eta manifestari gupidagabe eta mega-arriskutsuen aurrean erantzun beste aukerarik ez duten aingerutxoak dauden tokian polizia harro amorratuak ikustea estrabismo sozial kontua da, bistakoa denez, anomalia bat. Horregatik esaten dizute: “Biolentziaren erabilera onartezina da”; ikuspegi okerra behingoz zuzen dezazun. Biolentzia batzuk biolentzia direla esateari utzi diezaiozun; norekin eta zerekin enpatizatu behar duzun -eta norekin eta zerekin ez- barnera dezazun.

Uniformedunen jokabidea beti baita neurritsua, aizu; baita sudurrezurra, matrailezurra, kaskezurra puskatzen dizutenean ere; baita begia lehertzen dizutenean ere. Zerbait egingo zenuen, probokatuko zenituen. Isildu zaitez behingoz, beti-beti-beti zure hobebeharrez aritzen direnen jardunaren inguruko alferrikako eztabaidak piztu gabe, ea noiz ikasten duzun.

Hau ez da dokumental bat, ulertzen? Hau-ez-da-do-ku-men-tal-bat.

‘Non dago Mikel?’ ikus ezazue, baina, ahal baduzue".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz