Itxi

Faktoria

Julen Orbegozo

'Larrion kasua'

Miren Larrionen dimisioak eragin duen zalaparta politikoaz haratago, euskal politikagintzak galdu duenaz egin du gogoeta Julen Orbegozok.

  • Julen Orbegozo

    Julen Orbegozo

    2:45 min
imagen player
imagen player
imagen player

Julen Orbegozoren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Hara, zer da?
Ba serie bat da.
Euskal jendartea pantailetara engantxatuta duen serie bat.
Netflix, HBO edo Filminen eskaintzen diren thriller politikoak baino gehiago harrapatu gaituen serie bat da.
"El Ala Oeste de la Casa Blanca", "House of Cards" edo "Borgen"en kapitulo gorenek baino ikusmin handiagoa sortzen ari den produkzio bat da.  
Eta elementu berritzaileekin:
Euskal Herrian, euskal herritarrentzat bereziki egina da: gure idiosinkrasia, gustu, erritmo, ideologia eta abarrak errespetatuta. Ah ze pagotxa!
Kutsu errealista du: protagonistak benetakoak dira eta istorioa denbora errealean garatzen da.
Gainera, multiprodukzio aitzindari bat da honakoa: hedabide askok parte hartzen dute sormen prozesuan eta trama segitzeko iturri asko dauka kontsumitzaileak.
Eta fikzio errealista honetatik benetan bero-bero jartzen gaituena hurrengoa da: guk geuk parte hartzen dugula, whatsapp taldeetan egiten ditugun komentarioen bitartez, errelatoaren eraikuntzan, gidoilari lez.

Bada, zer da?
Ba Larrion kasuaren serie da.
Kuriosoa da, ez dakit ze sen berezik bultzatzen duen gizakia hipotesien bitartez istorioak asmatzera. Baina egun bi hauetan ikusi dut: nobeleriarako tendentzia ikaragarria daukagu. Zer gertatu den jakin nahi dugu. Eta tantaz-tanta jasotzen dugun informazioarekin istorio bat edo beste eraikitzen dugu, gure barruan. Sahiestezina da.
Konturatu naiz ere isilean gordetzen dena edo omititzen dena gakoa dela istorioak arrakasta izateko.

Eta zer gertatu da ba Miren Larrionekin?
Ba, zintzoki, entretenimendurako gosea asetzeko ez dut erabiliko. Horren atzean, sufritzen ari den jendea dagoelako. Eta uste dudalako, gainera, esparru politikotik atera dela jada, Larrionek berak emandako azalpenekin, esaterako.
Hala, bakarrik esan gura dut, euskal politikagintzak pertsonai oso interesgarri bat galdu duela. Bati baino gehiagori entzun izan nion: ados egon zaitezke elkarrizketan esan duenarekin, baina ze ondo azaltzen den. Hori asko da, politikagintzan.
Joan da politikari bat, misio bat, bisio bat eta balore batzuk eraiki eta transmititzen sobera zekiena. Errelato politiko baten atzetik lan egiten jakin zuen politikari bat. Marka pertsonal bat. Alderdi batek hazteko, erabili zezakeen perfil politiko bat.  
Joan da, eta serie honen amaierak, ustez gertatu denean oinarritzen bagara, behinik behin, ez du irakurketa politiko sakonetarako ematen.

Joan da, eta etorriko dira beste batzuk, lagun batek esan zidan moduan. Eta nik hala espero dut. Baina badut kezka bat: politikak,  komentu eta monasterioetan gertatzen den antzera, gero eta bokazio gutxiago ernatzen dituela, alegia". 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz