Itxi

Faktoria

Itxaro Borda

'Cherokee'

Pandemia eta amerindiarrak izan ditu hizpide Itxaro Bordak bere 'Sinadura'n.

  • Itxaro Borda

    Itxaro Borda

    3:15 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Ez dakit non, baina irakurri dut, Cherokee nazioko Chuck Hoskin Jr eledunak, Jeep enpresari galdegin diola, ez dezaten gehiago beraien herrialdearen izena balia, beribil puxant, distiratsu eta karioen bataiatzeko. Intentzio onez egiten dutela segur dela erantsi zuen, baina, ez duela izendapen horrek, Cherokee jendaldearen izaera ohoratzen. Eskakizuna, auto-aldizkari bati bidali zion urtarrila bukaeran,  preseski firma ingelesak izen baztertua berriz erabiltzeko xedea publiko egin zuen unean. Chuck Hoskinekin solastatzeko nahikundea berresten du Jeepeko nagusiak.

Estatu Batuetan, covidarengatik 500.000 zenduen haga gainditua dutelarik, txertatze selektibo baten alde mintzo dira politikari kontserbatzaile batzuk: Arizonako Debbie Lesko diputatua, adibidez, bakunatzerakoan amerikar jatorriko biztanle zuriak hobetsi behar direla errepikatzen dabil. Hispanoen kontra ari da, baina beste estatu batzuetan, beltzak dituzte begi-mugan, edo asiarrak,  immigranteak oro har. Nehork ez ditu, ipar amerikarren impensé edo ezin-pentsatu uka-ezinak diren populu autoktonoak aipatzen.

Pandemia hasi zenean, duela urtea, larriki abandonatuak sentitu ziren erreserbetako populu indigenak. Bortitz jo zituen eritasunak. Kutsatze tasa handiak neurtu ziren hauen artean eta Navajoak adibidez, artamendu eta botikarik kasik gabe geratu ziren, Dakotako Siuxak berdin, Txeienak eta Mohikanoak ere bai. Denak esku hutsik, indioen historiako garai latzenetako egoeretan bezala, bisonteak desagertu zireneko edo XX mendeko asimilazio biolentoen denborak gogoan.

Amerindiarrena ezin-pentsatu bat dela erran dut eta horretaz areago jabetu nintzen, Spotify plataforman, Barak Obama eta Bruce Springsteenen arteko solasaldi luze batekiko zortzi podcastetako bi lehenak aditzean: biek outsider gisa irudikatzen zuten beren burua, bata proletario-zuri eta bestea metis beltz... amerikarren erroak Mayflower ontziraino hedatzen zituzten,  konkistatzaileak hurbildu aitzin, lurraldeotan, suntsituak izan ziren jendalde nomadak eta bizitoreak egon zirela ometituz.

Eta nik, sarri, Mikel Laboaren omenezko Txeroki albuma entzungo dut... Chuck Hoskinen baimenarekin, bistan dena".

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia