Itxi

Faktoria

Pilar Kaltzada

'Yemen, haiek han eta gu hemen'

Pribilegioa, Yemengo egoera eta harekiko izaten dugun axolagabekeria izan du hizpide Pilar Kaltzadak.

  • Pilar Kaltzada

    Pilar Kaltzada

    2:39 min
imagen player
imagen player
imagen player

Pilar Kaltzadaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Pribilegioa da zuri zuzenean eragiten ez dizulako batere edo oso gutxi axola zaizun zerbait. Eta eragiten ez dizulako, arazo denik ere esango ez zenukeen hori. Hemen, zoriak oparitu digun munduko eta historiako bazter honetan, denok ditugu gure pribilegiotxoak. Ez denok berdinak, baina denok munduko batezbestekoaren gainetik.  

Gosea, adibide,. Ordu-modu honetan gosari arina egin baduzu —sabeleko orrotxoak justu-justu isilduta—, gehienez ere desegokikeria bat izango da zuretzat, eguerdian aise gaindituko duzun eragozpen txiki bat.

Sei urtetik gora badira Yemenen gerra lehertu zenetik eta populazioaren erdia, 16 milioi sabel egiten duena, gose da gaur. Eta gose izango da urte osoan, eta zorte pittin batez, den-denak ez dira izango aurten gosearengatik hil egingo diren 50.000 horietako bat.

Larrialdi humanitario itzela, kronikoa izateko bidean, baina, ez da nahikoa izan nazioarteko laguntza-deialdiari erantzun diezaioten herri-erakunde dirudunek. Nazio Batuen Erakundeak egindako larrialdirako diru-ekarpenari eman zaion erantzun eskasa heriotza-zigorra dela azpimarratu du erakundeko idazkari nagusiak. Eta bereziki gogor mintzatu da gerra luze honetan armak saltzen dirutza egin duten herri horiexen kontra.

Horixe baita koxka. Kontua ez da mapan kokatzen ez ditugun herri horietan zer gertatzen den jakin nahi ez izatea, baizik eta guri batere kalterik eragiten ez diguten toki horietan erlategia xaxatu egiten dugula poltsikoa betetzeko, egindakoaren batere ardura hartu gabe.

Pribilegioa horixe da: besteen auzia dela pentsatzea. Gure portutik beretik Yemenerako bidean doazen arma horiek beste batzuek eskuetan hartuko dituztelako guk erantzukizunik ez dugula pentsatzea. Yemen… haiek han, eta gu hemen".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia