Itxi

Faktoria

Amatiño

'Iraunkortasun ekonomikoa'

Gizarteen ongizate-maila eta premiazko betebeharrak asetzeaz eta iraunkortasun ekonomikoaz aritu da Amatiño 'Sinadura'n.

  • Amatiño

    Amatiño

    2:58 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amatiñoren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Orain 10 urte hil zen Gil Scott Heron kantari afroamerikarra, rap estiloaren sortzaileetakoa. Hogeitaka urte zituela, 1969an, ospetsu egin zen, NASA agentzia amerikarra ilargira bidean zihoala jarri zituen bertsoengatik:  “White on the moon”, “Zuria ilargian” izeneko kanta, programa espazialaren kontrako kritika zorrotza.--

Zera zioen rapero beltzaranak: gu, ur berorik, argirik eta komunik gabe, eta  zuria ilargian. Gu, medikuak ordaindu ezinda,  baina zuria ilargian. Gu hilaren azkenera heldu ezinik, eta zuria ilargian. 

Hala ere, berrogeita hamar urte geroago, estatubatuarrak, ilargira ez ezik, Marteraino ere heldu dira, eta, aldi berean, Defentsa Departamenduko General Gorena beltza da, lau urte lehenago Barack Obama presidentea eta NASAren zuzendari nagusia ere beltzak izan ziren bezalaxe.

Segurutik horrelakorik ez zen gertatu izango, hirurogeiko hamarkadan beltzak protestaka ialgi izan ez balira;  baina ezta, Martera helduko ere, sekulako inbertsioak denboraz egin izan ez balira ikerkuntzan.

Populista izan daiteke behartsuen oinarrizko premiak eta egin beharreko ikerketa-inbertsioak elkarren kontra jartzen, baina lehia hori, maltzurra izateaz gainera, ez da justua, ezta, luzera, onuragarria ere.

Bere buruaren jabe den gizarte solidario eta lehiakorrak jakin behar du oraingo premien eta geroko inbertsioen arteko oreka asmatzen. Hau da, iraunkortasuna aldarrikatzen ez ezik, baita praktikan jartzen ere.

Euskal gizartea heldu da heldu den ongizate-mailara, gure aurrekoek aurreztu egin zutelako, euren ondare guztia xahutu ez zutelako, hurrengo belaunaldientzako aberastasuna eragiten eta gordetzen jakin zutelako.

Oraingo euskal gizarteak premiazkotzat jotzen dituen bere betebeharrak asetzeko... hurrengo belaunaldiaren ondarea aldez aurretik gastatzen baldin badu, inbertsioak egiten ez baditugu, gure ondorengoei  zorrak baino ez badizkiegun uzten, gure seme-alabekin solidarioak ez izateaz gainera, sekula izan den belaunaldirik egoistena moduan pasatuko gara euskal historiara.

Iraunkortasuna, bai, jakina. Baina ez ingurumenaz soilik, baita ekonomiaz ere".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia