Faktoria
Mikel Irizar
'Komunitatea batera'
Asteburuan aurkeztu duten aurtengo Aberri Egunerako KEINU BAT BATERA ekimenetik abiatu da Mikel Irizar bere 'Sinadura' osatzeko.
-
Mikel Irizar
2:23 min
Mikel Irizarren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Asteburuan aurkeztu da aurtengo Aberri Egunerako KEINU BAT BATERA ekimena, iazko salbuespen egoeran egindakoari segida eta garapena emateko asmoz. Ekintza zehatzetik harago, badago ekimenean azpimarratzea merezi duen kontu pare bat.
Lehena da bateratasunaren kontzeptua. Euskal naziogintzan batasunaren kulturatik gatoz, epika bat ere eraiki zen frankismoaren ondarretan eta Telesforo Monzonek kantatu zuen ozen: “abertzale izanez gero gaur, gauden denok anai”. Mundua, ordea, gizarte gero eta konplexuagoak sortzen ari da, hibridoak, nahasiak; eta horietan batasuna ia ezinezkoa da. Aparte, ez nago ziur ea batasunak eskatzen duen trinkotasuna desiragarria ere ba ote den. Hain zuzen, horretarako legoke bateratasuna, bakoitzak beretik baina besteekin batera zerbait egitea, jomuga partekatu baten bila. Gurean ere egingarriagoa ikusten dut gure Zazpiak Bat historiko hura baino Euskal Herri osoan herritarrak eta lurraldeak batera jardutea, gure ikur, hizkuntza, helburu eta interes komunen alde. Monzonek berak hori adierazten zuen Maltzagaren metaforarekin: Bergaratik Maltzagaraino goazen elkarrekin, nahiz gero han batzuk Eibarrera egingo duten eta besteek Debara.
Bigarren ideia interesgaria da komunitarismoa. Munduan nagusitzen ari da globalizazioa, besteak beste merkatu bakarra, gobernuak eliteen aurrean makurtzea, mugikortasun extremoa, eta pandemiak ekarri dituena. Bilakaera horren arriskuentzat antidoto dira lurraldeak eta haien gainean eraikitako komunitateak, izaera kolektiboa garatuz, oinarrizko eskubideak eta elkarren zaintza bermatzea helburu dutenak. Euskal Herria litzateke halako komunitate bat, eta sentimendu hori indartzea da mundua eraldatzeko eta orekatzeko daukagun modurik eraginkorrena.
Alegia, aukera dagoenean keinu bat batera eginda".