Itxi

Faktoria

Hasier Arraiz

'Gu, klase ertainekook'

Klase ertainekoa izateaz gogoeta egin du Hasier Arraizek 'Sinadura'n.

  • Hasier Arraiz

    Hasier Arraiz

    2:38 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hasier Arraizen 'Sinadura', "Faktoria"n.

“Klase ertainekoa zara”, “klase ertainekoa zara”…ideia, berez, erakargarria zitzaidan, eta ondorioz, ez zitzaien gehiegi kostatu ni bezalako langile bati saltzea. Gainera, klase ertainekoa izatearen ideia merkea ez da, baina epeka modu eroso batean erosi nuen, hilabetean ia konturatu gabe.

Zer esanik ez dago, klase ertainekoa izatearen ideiaren atzean badago maila-igoera sentsazioa, edo haren gogo sanoa behinik behin. Gizartea piramide batean bezala antolatuta dago eta inork ez du hau guztia sustatzen duen oinarri zabal-zabalean egon nahi. Zama milioika lagunen artean banatzen da, bai, baina milioika morroiren artean banatu arren astuna izaten jarraitzen du. Piramidearen goi-erpina, aldiz, estu-estua da, gero eta txikiagoa, gainera, baina han dauden gutxi horiek gero eta dirutza handiagoa daukate. Nik aspaldian ikasi nuen hobe dela behera ez begiratzea, beti gorantz.

Horixe baita etxekook gero eta hobeto bizi izateko modu bakarra. Klase ertainekoak garenetik gure erosteko ahalmena handitu izana uka ezina da. Etxebizitza bat ez, bi, bigarrena kostaldean ahal bada, bestela mendialdean. Eta geurea etxean egotea ez bada, autokarabana ala furgoneta prestatua da gure aukera. Hemengoaz aspertuz gero, beti dugu mundu osoan zehar bidaiatzea, ala bakarrik aberatsak joan daitezke leku ederretara?

Garai batean sindikatuan geunden zer egin genezakeen baldintzak hobetzeko, orain afiliatuta segitzen dugu, sindikatuek guregatik zer egin lezaketen behin baino gehiagotan pentsatzen dugulako.

Lehen ezkerreko alderdi erradikalenari botoa kostata ematen genion, gu ere hiper-kritikoak eta zorrotzak izan garelako. Orain, aldiz, ez diegu botoa ematen, astun samarrak eta haien kritikak eta negarrak oso nekagarriak direlako, ezta eskuineko alderdiei ere, gu ez garelako fatxak. Klase ertainekook zentro politikoan eroso eta moderazioaren abantailak aurkitzen ari gara…

Eta nire lagunak bere hitz-jarioari eutsi ezinik segitzen zuen bitartean nik ahaztu dut nire deiaren benetako arrazoia. Orain, watxap bat jarriko diot galdetzeko ea ote dakien, bere enpresaren ugazaben arabera, koronabirusak eragindako krisiarengatik hemengo lantegia itxiko eta langile guztiak kalera bidali behar dituztela. Nik Twitterren irakurri berri dut".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia