Itxi

Faktoria

Itxaro Borda

'5G'

Donamartirin landatu nahi zuten 5G antenaren kontra egindako protesta izan du abiapuntu Itxaro Bordak bere 'Sinadura'n.

  • Itxaro Borda

    Itxaro Borda

    3:24 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Berrogei bat militanteek lortu dute, Free telefonia enpresak, Donamartiri gainetan landatu nahi zuen 5G antenaren lehen lanak geldi araztea. Langileak beraz, deus egin gabe itzuli dira beren kamioietara. Astelehen arratsaldean juntatu ziren ekintzaileak, eguzki pean, Ez hemen-ez nihun banderola elebidunaren gibelean. Urrunago Ama-Lurra Zaindu zioen beste oihal bat ageri zen eta bistan dena, jendarmeak ere hor ziren. Hazketa 2010 elkarteko eleduna entzun dut, bertan bilduko zirela erraten, egun oroz, zortzietan.

Istorio arraroa da. 2019an lur-sail alokatze hitzarmena izenpetu zuen Apezetxe sendiak Free-rekin, 4G sarearen antena bat altxatzeko. 2020ko azken hilabeteetan, Free etorri zitzaien berriz, 4G-aren ordez, 5G-aren aipamena zekarren paperekin. Behialako adostasuna hautsi zuen zenbaki aldaketa soil horrek. Kontra egitea erabaki zuten, inguruan eta Arberoa haranean, 5Gak dituen asaldatzaile sutsuak biltzen saiatuz. Herritarrek ere, orokorrean, ez baitute horrelako antenarik nahi, nehork ez dakielako uhinek osasunari nola eragin diezaioketen.

Hurbiletik jarraituko dugu afera, aurrerapen teknologikoa guztientzat eta edozein baldintzatan eskaintzen digun jendartearen baitako urrako edo dikotomia baten seinale delako. Baliabide tekniko aitzinatuenak nahi ditugu, baina antenak, zabortegiak, saihets-kalteak auzoaren baratzean metatuko direla segurtatuz. Guk ere, gauza bat, eta aldi berean, honen kontrarioa desio dugu!

Normalean, bihar ekarriko dute Donamartirira, helikopteroz, 80 metro gorako antena Apezetxetarren funtsetan errotzeko, non ez dituzten aurkariek, eguzkia eta Eltzarruzeko uhin magnetikoak lagun, lanak bulta batez bederen trabatzen. Ez dezagula ahantz, 5G horrek ez duela batere fama onik, bereziki koronabirus garai hauetan: batzuek sinesten dute botere faktikoek, txertoarekin batera, 5G lagin organikoak zainetan sartzen dizkigutela, gure urratsak erabat kontrolatzeko.

Bizkitartean, euskal munduak, mugaren bi aldeetan, 5G sare beharrik gabe, datorren larunbatean jostatuko den Realaren eta Athleticen arteko partidua dauka gogoan... Irabaz dezala hoberenak, zuri-gorriz jantzia den ber...".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia