Itxi

Faktoria

Hasier Arraiz

"Mundu bat"

Futboletik abiatuta, polarizazioaz gogoeta egin du Hasier Arraizek 'Sinadura'n.

  • Hasier Arraiz

    Hasier Arraiz

    2:37 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hasier Arraizen 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Oraindik ez dakit zerk gertatu behar ote zuen duela bi aste inguru: futbol partida bat ala meteorito ikaragarri batek euskal planeta ñimiñoak bitan hautsi behar ote zuen. Bai, Realak eta Athleticek jokatutako final hari buruz ari naiz.

Ez naiz oso futbolzalea eta, noski, horrek ez zidan finalaren ingurukoak ulertzen gehiegi lagundu, baina partidaren laurogeita hamar minutuek erakutsi zidaten futbola, jokoa bera, alegia, ez zegoela festa hartan gonbidatuta. Zer esanik ez dago, azken astetan neurririk gabe areagotzen joan zen probintziakeria zentzugabeak ere atzera eginarazi ninduen.

Hala eta guztiz ere, ez da hori gutxien gustatu zitzaidana. Gure historiaren luze-zabalean euskal herritarrok bat egiteko aukerak ez dira soberan izan eta baten bat gertatzen denean, nahiz eta kirol ekintza baten inguruan izan, kontrako joera adierazten dugu. Dena, gainera, muturren artean lekurik uzten ez duten formula binarioen izenean.

Reala ala Athletic? Bada, ez bata, ezta bestea ere. Edo biak ala biak. Eta ez da bizkaitarra ala gipuzkoarra ez izateagatik, edo oso futbolzalea ez izateagatik. Kontua da ez dudala maite zuriaren ala beltzaren artean etengabean aukeratu beharra. Binarismoak txikiak dira eta dena are gehiago txikiagotu egiten dute, ñabardura oro desagerrarazten dutelako. Euskal politikagintzak, zoritxarrez, joera honen adibide gehiegi eman digu, sarri askotan Herri gisa aurrera egiteko aukerak zapuztuz. Binarismoak ez dakielako gehitzen, soilik kentzen, norberaren aldean ez daudenak ukatu egiten baititu. Horrelaxe benetan zaila da edozer eraikitzea, zer esanik ez, Herri bat.

Zuriaren ala beltzaren artean hautatzera behartzeak gris tonu guztiak galarazten dizkigu. Eta mundua zuri-beltzez erretratatu behar bagenu, zuriak eta beltzak toki xumeak hartuko lituzkete, milaka gris tonu desberdinak nagusi izango lirateke eta. Azken batean, binarismo guztiek ahaztu egiten dute funtsezko datu bat: zenbat jende ez dagoen batzuekin ala besteekin. Ez dakitelako parean jartzen dizkiguten bi muturren artean mundu bat dagoenik. Mundu bat. Eta mundu horretan eraiki eta bizi nahi dut nik".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia