Faktoria
Mikel Irizar
"Errepublikak"
Espainiako bigarren errepublikaren 90. urteurrenetik eta Frantziako 5.aren 200. urtemugatik abiatuta osatu du bere 'Sinadura' Mikel Irizarrek.
-
Mikel Irizar
2:31 min
Mikel Irizarren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Joan den astean 90 urte bete dira Espainiako bigarren errepublika aldarrikatu zenetik, Eibarren hasita. Bigarren ahaleginak ere ez zuen asko iraun, apenas sei urte. Eta amaitu indarkeriaz amaitu zen, estatu kolpe batekin, baina denboraren poderioz matxinadaren memoria ahuldu egin da. Eta egun inor gutxik aldarrikatzen du Espainian errepublika, establishment politikoan behintzat.
Frantzian, aldiz, 5.0 bertsioan doa errepublika, 200 urte bete asmoz. Eta errepublika frantziarretik albiste garrantzitsua iritsi zaigu joan den astean: parlamentuko gehiengoak aurrekaririk gabeko aitortza egin die estatuko hizkuntza gutxituei. Urrats historikotzat jo dute Ipar Euskal Herriko euskaltzaleek, euskarari onura nabarmenak ekarriko dizkiolako; eta ni asko pozten nau horrek. Baina txunditu nauena izan da jakitea Parlamentuko gehiengo hori gauzatu dela alderdi nagusiko hautetsi askok agindutakoaren kontra bozkatu dutelako; alegia, haien balio errepublikarrak (kasu honetan, nagusiki, egalité) jarri dituztelako alderdiaren aginduen gainetik. Kalitatezko errepublikanismoa, inondik ere.
Frantzian bertan izan da egunotan beste albiste esanguratsu bat: Europe Écologie les Verts alderdi ekologista indartsuak autodeterminazio erreferenduma aldarrikatu du gatazka politiko katalana bideratzeko, eta formalki onartu du Katalunia independente eta errepublikarra sortzeko aukera Europar Batasunean, hori erabakitzen badu katalanen gehiengoak. Hau ere urrats oso handia da orokorrean oso zentralista den frantziar estatuan. Eta seguruenik kultura errepublikarraren ondoriotzat har daiteke.
Kultura errepublikar sendoa ikusten dut Frantzian, eta antzekorik ez Espainian. Seguruenik kultura guztiak, politikoa barne, praktikarekin indartzen direlako".