Faktoria
Itxaro Borda
"100.000"
Frantziako estatuan koronabirusagatik hildako 100.000 pertsonak izan ditu abiapuntu Itxaro Bordak bere 'Sinadura'n.
-
Itxaro Borda
Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Ehun mila. Ehun mila pasa dagoneko. Frantzia bezalako estatu indartsu eta aberats batean. Galderak egiten ditugu. Oharrak. Ondorioak ateratzen dira, kontuz ibiliz edo nola nahika. Ehun mila hil, koronabirusarengatik. Huts egite bat da eta aldi berean, lorpen bat, deus egin ezean, herio kopurua lau-bost aldiz gehiagokoa litezkeelako. Huts egitea, hil bakoitza hurbiletik zaintzekoa zen norbait zelako, lorpena erran dudan bezala, iragan urteko martxoko iragarpenak anitzez larriagoak zirelako.
Gobernuak ehun mila jende horien memoria ohoratuko du ondoko egun edo asteetan, pandemiak baimenduko duen momentuan hain zuzen ere. Espanturik gabe egingo dutela dirudi, herritarrak ez izutzeko eta bilan politikoa ez sobera tatxatzeko. Halako ez-bai batean gaude alor horretan beste askotan bezala: konfinatuak gara baina lanera kasik normal joan gaitezke, kontsumi dezakegu arraiki eta Baionako bestak ezeztatuak diren arren, zezen korridak programatuak dira... zoaz zu zerbaiten konprenitzera!
Irreala emango luke egoerak hain beltza ez balitz. Harritzekoa bada egunkarietako irakurleen foroetan osagarrian eta adinaren florian direnen komentarioak leitzean : ehun mila hil horietatik % 80 aurten bertan naturalki hilen zirela idazten dute, ehun milakoak ez duela ezer kanbiatzen beraien bizitzetan, obesoak zirela, zaharrak, eritasunez kartzelatuak... bada beti arrazoi bat bestearen herioa justifikatzeko, gaixotasunak gure familiak hunkitzen dituen arte. Orduan, hasten dira heiagorak, oihuak, zinkurinak, gobernuen axolagabekeriaren salaketa eta osasun egituren kritika.
Hargatik, konparaketak egiten ahal ditugu, zifrak beren zabaleran eta beren sakontasunean gogoan hartzean : ehun mila jende bizi dira Angelu, Baiona eta Tarnosen, eta Covidak konurbazio animatu hau ezabatu du kartetatik urte betez. Edo, Europan, lau ehun biztanleetako Oragarre bezalako herrixkak desagertzen dira egunero. Tragiko jarri gabe, nahi nuke zauri eta kalte sozialen materialitatea erakutsi.
Batzuetan ez gara ohartzen erraten dugunaren funtsaz, besteetan epidemia tzar honen grabetasuna daramagu soinean. Ez galdu iparra".