Faktoria
Hasier Arraiz
"Madril-fobia"
Madril, hango hauteskundeak eta Madril-zentrismoa iza ditu hizpide Hasier Arraizek bere "Sinadura"n.
-
Hasier Arraiz
2:37 min
Hasier Arraizen 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Nire lagun psikologoak dio “fobia” antsietate nahasmen zehatz batzuei emateko izena dela, zeintzuetan izua eta beldurra modu irrazionalean eta neurririk gabe agertzen diren, maiz pertsonaren oinarrizko ahalmenak zeharo indargabetuz. Hizkera arruntean, ordea, “fobia” gorrotoarekin lotzen dugu, gorroto biziarekin, hain zuzen ere.
Madril gutxitan bisitatu dut; jakina, bidaia haietatik batzuetan eskuak burdinez lotuta eta Guardia Zibilaren furgoian joan izanak ez zidan Espainiako hiriburuaren ikuspegia leuntzen erraztu, baina ez naiz orain Auzitegi Nazionalaren Madril hartaz ari, baizik eta azkenaldian hedabide eta agenda politiko gehienak betetzen dituenaz. Edo beste modu batez esanda, Espainiako eztabaida politiko guztia ez ezik, bertako indar eta baliabide gehienak xurgatu egiten dituena, hain zuzen ere. Baten batek adierazi du Espainia haustekotan, ez dela Kataluniatik ala Euskal Herritik hautsiko, baizik eta Madrildik; Madril-zentrismo ase ezin horrek Espainia hutsa are gehiago husteko mehatxua egiazkoa baita oso.
Madrilen indarrez, harro agertu da Espainiako gobernu aurrerakoiak ordezkatzen duen oro biziki gorroto duen Espainia. Azken hamarkadetan itxura besterik aldatu ez duen Espainia da: ultraliberala, atzerakoia eta fatxa, oso fatxa. Oraindik balio demokratikoekin arazo larriak dauzkan Espainia da, esate baterako, hauteskundeak bakarrik ondo daude, haiek edo haien lagunek irabazten badute, bestela iruzurra da eta gobernua ez da zilegia. Orain Madril beren gotorleku bilakatu nahi dute, baina benetako arazoa da Espainia urdin horrek ez duela sekula haiek ez diren inork gobernatzerik onartuko.
Hori guztia etsigarria da oso, ni neu bezalako euskaldun ezkertiar batengan izu neurrigabea eta beldur irrazionala sortzeraino, baina nago nire etsipena gehien eragiten duena ez dela hori, baizik eta gaur egun hemen, Euskal Herrian, Isabel Díaz Ayuso, Santiago Abascal ala Rocío Monasterio Joseba Sarrionandia baino ezagunagoak izatea. Agian hori ere lagun psikologoari aipatu behar diot".