Itxi

Faktoria

Itxaro Borda

"Amets bi"

Pandemia osteko ametsak izan ditu hizpide Itxaro Bordak bere 'Sinadura'n.

  • Itxaro Borda

    Itxaro Borda

    3:39 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Macron presidenteak, bihar, telebistako agerpen bat eginen du, egoera pandemikoa aipatzeko eta osasun neurrien balizko arintzea iragartzeko. Badirudi, arrastirietan, zazpietan etxeratzeko ordez, zortzietaraino kanpoan egoteko dretxoa emango digula. Mugitzeko distantzien murrizketa kenduko digu halaber: Dantxarienera ernatzen ahalko gara, baimen eta PCR test paperik erakutsi beharrik gabe. Frantzian, gauza jakina da, Macronek berak bakarrik erabakitzen duela, presidente izateaz gain, epidemiologo nagusia ere delako.

Txantxetan nabil, baina egiazki ez da giro. Eskolak ireki ondoan, heldu den astetik goiti, itsas hondora apnean jaitsi den urpekaria azalera mailaka datorren moduan, ostatuak, jatetxeak eta premiazkoak ez diren dendak zabalduko dira. Antzokiak eta zine-gelak azkenik. Aurten ere, ez da edozein herritako jaixerik izango eta ez gara Maldiva uharteetara oporretara hegaldatuko. Baina gainerako guztia libre dukegu, ibiltzea ibaiak gurutzatzen diren hirian, Iparla gailurrera igotzea edo geldirik egotea eguzkia itzaltzen miresteko...

Iragan urriaren hondar egunaz geroztik ez dut iparraldeko ostatu batean jartzeko ahalmenik eduki. Bilbon edo Gasteizen egon naizenean, bai, profitatu dudala, hamikatu baten gisa, taberna batean bazkaltzeko edo gosaltzeko. Argazkiak ere hartu ditut wasap taldeko kideei igortzeko, Alex Txikonekin Everest puntara heldu banintz bezala. Ene ametsetako bat, Baiona Txikiko jantoki muntto batean afaltzea da eta jadanik hitza hartua dut lagun on batekin:  profiterolak manatuko dizkinagu eta, begiak begietan, ardo zuria hurrupatuko dinagu...

Bigarren amets bat ere badut. Espero dut Atalante zine-gelara hurbiltzen ahalko naizenean Nomadland filma afixan izanen dela. Eta prest nago,  hiru ordu irauten duten Jeanne Dielman eta Solaris behin eta berriz ikusteko, bata bestearen segidan. Sei oren ilunpean. Aspertu gabe. Bizitza normalera itzultzea nolabait ospatzeko, dagoeneko normala zer den ez dakigun arren.

Dena dela, eta bitxia da, airean bada zerbait arraro, apirileko euriarekin batera, birusaren itzalak baztertuz, tunelaren burua ikusten hasiko bagina bezala".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz