Faktoria
Pilar Kaltzada
"Kolonbia, sutan"
Kolonbian azken egunetan izandako istiluak hizpide hartu ditu 'Sinadura'n Pilar Kaltzadak.
-
Pilar Kaltzada
2:36 min
Pilar Kaltzadaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
Jon Kortazarren definizioaren arabera, Errealismo Magikoa “errealitatearen osteko alderdi harrigarri eta misteriotsuak jorratzen dituen” korronte literario eta estetikoa da. Artearen mundua astindu zuen Latinoamerikan, eta gure artean bereziki ezaguna da Gabriel García Marquez-en lanari esker, bere garaiko artisten enbaxadore izan baitzen mundu mailan. Behin galdetu zioten nondik edaten zuen mundu harrigarri hori irudikatzeko eta berak erantzun zuen Kolonbia ezagutu besterik ez dagoela sinesgaitza sinestea beste erremediorik ez izateko.
Zortzi bat egun badira etengabeko istiluak direla bertan. Hildakoen kopuruak gora jarraitzen du, berdin zauritu eta baita desagertuenak ere, Giza-eskubideen defentsan diharduten erakundeek salatu dutenez.
Zerga-erreforma iragarri zuen Gobernuak eta suak herriak hartu ditu. Bogota hiriburuan hasieran, baina honezkero alderik alde zeharkatzen du herri osoa oldarraldiak. Ivan Duqueren gobernuak BEZa eta bestelako zerga ez-progresiboak handitu nahi zituen, pandemiak estatuaren kutxetan eragin duen zuloa estaltzeko eta horrek berealdiko haserrea eragin du. Gobernuak erreforma atzera bota du, baina beranduegi da: desberdintasunek hamarka luzez ongarritu dute Kolonbia eta orain, hasierako aldarrikapenek sistema osoa hartzen dute.
Hamar herritarretatik ia bost pobre dira, eta desberdintasunaren hazkundea neurtzen duen GINI indizeak pandemiaren urtean munduan izan duen gorakadarik handiena bertan gertatu da.
Zergaren erreformak zaurian piku egiten du. Poliziaren neurri gabeko biolentziak are gehiago sutu ditu aspaldiko minen sugarrak. Bake-elkarrizketak eta gero ireki zen itxaropenaldia berehala joan zen iluntzen. Lortutako akordioetako asko desberdintasun horien erroetara zihoazen, baina paper bustian geratu dira. Paper horren gainean, odolez idatzi du bere historia Kolonbiak urte askotan. Errealitatearen ostekoa magikoa izan daiteke, baina oraingo hau, dramatikoa da.