Itxi

Faktoria

Amagoia Gurrutxaga

"Perimetroa"

Mixel Berhokoirigoini esker oneko hitzak eskaini dizkio Amagoia Gurrutxagak 'Sinadura'n eta hark Euskal Herriaren eraikuntzan egindako lana goraipatu du, besteak beste.

  • Amagoia Gurrutxaga

    Amagoia Gurrutxaga

    2:39 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Itxialdi perimetralaren indargabetzeak barne emozioen perimetroa astinduta harrapatu nau. Behiek pasaeran den trenari nola, halaxe ari naiz begira alarma egoera bertan behera geratu orduko ugaldu diren irudiei. Ez naute batere harritu, zer nahi duzue esatea.

Txertoen patentea askatzeko AEBetako eskaerak bai, horrek harritu ninduen joan den astean. Munduan oraindik txerto dosi bakarra ere jaso ez duten herrialdeak badirela irakurtzen duzu gero, herrialdeok zein kontinentetan dauden errepasatzen hasten zara, eta behia ez beste animaliaren batekin identifikatzen. 

Halako burutaziotan harrapatu ninduen larunbat goizean Mixel Berhokoirigoinen heriotzaren albisteak. Euskal Herriko azken hamarkadetako aktibista eredugarri bat joan da, herri honen eraikuntzan albistegiak egunero betetzen dituzten kargudun gehien-gehienek baino askoz gehiago egin duen erreferente argi bat. Laborari, sindikalista, politikari, bakegile… militantzia alor asko barnebildu zituen bere bizialdian, arrasto sakona utziz bete zituen eginkizun gehienetan. Irratsaio honetan bertan aritu ohi zen duela ez asko, kolaboratzen.

Euskal Herriko medio handienek ez diote haren itzalaren neurriko garrantzirik eman Berhokorigoinen heriotzaren albisteari. Horrek ere ez nau harritu. Madril gertuagotzen eta Gamarte urruntzen dizkiguten irizpide informatiboak aspaldi dira nagusi gure (h)Ego puztu honetan; COVID-19a agertu baino askoz lehenagoko itxialdi perimetral argi bat bada indarrean. Horren kontra ere aritu zen Berhokoirigoin. Hau zioen, esaterako, 2015ean, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunaren sorreraren harira: «Gure lurraldearen kontzientzia bagenuen, eta sartu gara haste-hastetik Iparraldea eta Euskal Herria eraikitzearen ideiarekin. Eta, egiteko, harriz harri behar zaizkio eman gorputzaren zati batzuk».

Eskerrik asko denagatik, Mixel Berhokoirigoin. Perimetro zatiketa guztien gainetik".

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz