Itxi

Faktoria

Itxaro Borda

"Strike!"

Hazparne gainean antolatzen zen Euskal Herriko birla txapelketa eta Macron lotu ditu Itxaro Bordak 'Sinadura'n.

  • Itxaro Borda

    Itxaro Borda

    3:55 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Duela hiruzpalau hamarkada, Hazparne gaineko Zelai auzoan Euskal Herriko birla txapelketa antolatzen zen. Adinekoak ziren jokalari gehienak, gizonak eta emazteak, pasionatuak... Sei matotxo ikusten zituzten begien parean eta bola pisua aurtikitzen zuten: ikusgarri ederra zen, bereziki, orain erraten den bezala strike batez sei txirloak batera botatzen zituztenean. Zenbat oihu, zenbat irri... Ahantz ezinak enetzat ere.

Macronekiko obsesioa leporatuko didazue. Baiki. Gaitzeko pertsonaia da, baina zer lotura du txirlo jokoarekin? Macron presidentea, hain xaloa, hain ikasia, hain plaxenta, 2022ko lehendakari lasterraldian sartua da, eta seikoa egin nahi du seikotik lekora, Zelaiko ene lagun zahar haien gisara. Elisiorako bidean etsai dauzkan hautagaiak killak baino ez dira beretzat, eror araztekoak, trabatzekoak, birla borobil eta lanjerosa berak duela ahurretan.

Bankero ohia, nehork ez zuen ezagutzen duela lau urte. Orain aldiz Napoleon txiki baten moduan gobernatzen du Frantzia, aberatsenen alde, sekula ez etxe-kalte. Oroitzen gara 2017ko hauteskunde kanpaina larria izan zela: kandidatuek borroka abandonatzen zuten bata besteren ondotik eta alderdi sozialista bere kemen politikoaz hustu zuen LREM partiduaren eraikitzeak.  Ezkerreko gainerako formazioen sinesgarritasuna haustea ere lortu zuen eta eskuin-muturraren parean demokraziaren barrakia baten maneran altxatu zen Macron.

Bis repetita placent. Ekaineko eskualde hauteskundeen karietara, Badirudi birla txapelketa sinbolikoari hasiera eman diola, baina aldi honetan, bola astuna, Errepublikanoen bandako killen kontra aurtikitzen du. Frantzia hegoaldean eman du lehen kolpea, errepublikanoen artean iskanbila piztuz eta buruak alderdia kitatzera behartuz. De Gaullen ondorengoen lerroak traputzar utziko ditu, barne-ministroaren beldurrezko politikarik bortitzena eramanez, eskuin muturra ere zurrupa dezakeela. 2022an, berriz ere strike... Etorkizun hoberik ez dago.

Europako herrialde gehienetako hauteskundeak ez dira biziki gozoak jarraitzeko. Demokrazia eta diktadura batuz, demokratura hitz eta kontzeptu berria plazaratu da: eskuak loturik aldarrikatzen dugu askatasuna... birlak birundaka aurtikitzeko gutizia menperatuz!".

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia