Itxi

Faktoria

Mikel Irizar

"Galtzera kondenatuak"

Palestinari eta Israeli eskaini die 'Sinadura' Mikel Irizarrek, azken hori Gazan egiten ari den sarraskiaren harira.

  • Mikel Irizar

    Mikel Irizar

    2:23 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mikel Irizarren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Mikel banaiz, baina ez Aramendi. Eta ez daukat bere jakinduria eta analisi zorrotza, bereziki nazioarteko gaietan. Hala ere, gaur barruak eskatzen dit tarte hau eskaintzea Palestinari eta Israeli, hau Gazan egiten ari den sarraskiaren harira.

Nire haurtzaroan Israeli sinpatia handia genion. Artean oso presente zegon Holokaustoak eragindako izua, eta mendebaldean ondo ikusten zen juduak babestuko zituen estatu bat egotea. Horregatik, barkagarriak ziren 1948ko zatiketaren hasieratik juduek palestinarrei egindako aldrebeskeriak. Gogoan dut 68an Israelek Egiptori sei egunetan Golango gainak harrapatu zizkionean, heroi bihurtu zitzaigula Moshe Dayan militar begibakarra. Hamar bat urte geroago, Israeldik ekarri zuen Imanol Berriatuak euskaltegien ideia, hebraiera irakasteko ulpanetatik hartuta. Eta gazte ezkertiar ginenontzat inspirazio handia ziren kibbutz israeldarrak, utopia sozialista egikaritzen ari zirenak.

Ezer gutxi geratzen da Israel hartatik. Ultra fanatikoek hartu dute sozialista ameslari haien tokia, eta estatu judua bihurtu da inpunitateak hanpatutako makina kupidagabea. Erasotan hildako israeldar bakoitzeko 10-15-20 palestinar hil behar dira mendeku gosea asetzeko; hori bai, autodefentsaren izenean.

Niri oso gogorra egiten zait ikustea, oro har, nola zuritzen diren israeldarren gehiegikeriak; eta areago, nola liskarraldi bakoitzaren onodren sistematikoki galtzaile bukatzen duten palestinarrek. Esango nuke antzeko zerbait gertatzen dela kurduekin edota sahararrekin, esaterako. Herri batzuk munduaren alde ilun eta basatian baleude bezala, beti galtzera kondenatuak".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia